30 erraldoi ikusi ahalko dira kalez kale zapatuko erraldoikadan

Herri askotan egiten diren erraldoi eta buruhandien bilkura bereziak dira erraldoikadak. 2007an egin zen bat Bermeon, aurten, baina, Bermeoko Erraldoien Konpartsak 10 urte betetzen dituela eta, zapaturako beste bat antolatu dute. Hala, konpartsa ezberdinetako 30 erraldoi ikusi ahalko dira kalez kalez.

Bermeoko Erraldoien Konpartsa

Bermeoko Erraldoien Konpartsa

Hain zuzen ere, bost konpartsek parte hartuko dute Bermeoko erraldoikadan: Deustuko Ondalan, Santurtziko Mendialde, Donostiako Irrintzi, Iruñako Sanduzelai eta Bermeoko Erraldoien Konpartsako Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari erraldoiak.

17:30ean emango diote hasiera erraldoikadari. Ordu horretan konpartsa bakoitza herriko leku ezberdin batetik irtengo da. Sanjuanportaletik, Intxausti kaletik, Nardiz Tar Jon kaletik, Erremediotik eta Lamerako harrizko bankutik abiatuko dira, ondoren, Goiko Plazan denak batera batzeko. Han, erraldoi guztiak batera dantzan egingo dute, ostean, berriz, kalejiran ibiliko dira Alde Zaharretik. 19:00etan geldialdi bat egin ostean, 19:30ean, Lamerarako bidea hartuko dute. Lameran, talde bakoitzak banaka egingo du dantzan. 20:45ean, berriz, Portuzarrerako bidea hartuko dute, eta, amaitzeko, 21:00etan, erraldoi guztiak batera dantzan egingo dute berriro Portuzarreko sarreran.

Bermeoko kaleetan giro «izugarria» sortuko dela azaldu du Bermeoko Erraldoien Konpartsako kide Joseba Batizek. Era berean, bertaratzen diren guztiek ikuskizun «polit» batez gozatzeko aukera ere izango dutela gaineratu du.

Bermeoko Erraldoien Konpartsa, Bermeoko Abesbatza eta Alkartasuna Dantza Taldea, Arrain Azokan egindako ikuskizunean

Bermeoko Erraldoien Konpartsa, Bermeoko Abesbatza eta Alkartasuna Dantza Taldea, Arrain Azokan egindako ikuskizunean

Bermio dalako gure mundue ikuskizuna

Beste alde batetik, zapatuan bertan, 22:00etan hasita, Bermio dalako gure mundue ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Artza frontoian.

Aurten, urteurrenak ospatzen ari diren herriko hiru kultur talderen artean prestatutako ikuskizuna izango da: Bermeoko Abesbatza (60 urte), Alkartasuna Dantza Taldea (40 urte) eta Bermeoko Erraldoien Konpartsa (10 urte).

Azaldu dutenez, ezustez beteriko programa antolatu dute zapatuko ikuskizunerako. Hiru euro balioko du sarrerak.

http://busturialdea.hitza.eus/2016/08/30/30-erraldoi-ikusi-ahalko-dira-k...

 

hitza.eus
30 Agosto 2016