Lekeitioko San Pedro Eguna, ohituraz eta emozioz blai

Arrantzaleen patroi nagusiaren eguna goi goitik ospatu dute Lekeition. Hala, San Pedroren omenezko ohitura zaharrak izan dira goizean protagonista.

Sasoi batean baporea hartu behar zuten marinelekin egiten zuten bezala, Dei eittekuak esnatu dituzte gaur lekeitiarrak –goiko bideoan–. Urtero modura, San Pedro Egunez, goizean goizetik ibili dira kalez kale herritarrei dei egiten.

[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]

Txistularien dianaren ondoren, 10:30eko meza nagusirako bidea hartu dute, udaletxetik elizaraino, Lekeitioko alkateak eta zinegotziek, kofradiako lehendakari eta arduradunek lagunduta. Ordubete baino zertxobait gehiago iraun du mezak, eta ordurako prest zeuden herritarrak, eliz atarian, San Pedroren prozesioari jarraitzeko.

Lekitto Musika Bandak lagunduta egin dute ibilbidea porturaino. Gaur, baina, bi geldialdi egin dituzte bidean, portuko santuaren irudiaren pareraino ailegatu orduko. San Pedro irudia uretara botako zutenaren itxura bi bidar eginda –Kilin-Kalakoa– portuko sainduaren azpian batu dira apaiz, udal ordezkari eta herritarrak otoitz egiteko.

[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]

Sanpedropean egin du lehenbizi Kaxarranka gainean dantzan Asier Uskolak, irrintzi eta txaloez lagunduta. Kofradia aurrean ere ikuskizuna eskaini du, eta azken dantzaldia plaza bete jenderen aurrean izan da.

Uskola ez da gaurkoan plazan dantzan egin duen bakarra izan. Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeko neskek aurreskua egin dute mantoi dotoreekin apainduta. Euri apurra ere egin du dantzaldian, baina ikuskizunak etenik barik jarraitu du aurrera.

hitza.eus
29 Junio 2017