Bost talde bilduko dira zapatuan ospatuko den Emakumeak Dantzari Bizkaian jaialdian

“Emakume dantzariak beraiei dedikatutako egun apropos batekin ondo pasatzea” eta nesken dantzak goraipatu nahi dituen Emakumeak Dantzari Bizkaian jaialdiaren bosgarren edizioa ospatuko da etzi arratsaldean, 18:30ean hasita, Durangoko Andra Mariko elizpean.

Tronperri eta Txoritxu Alai dantza taldeek antolatutako ekimen honek bost talde bilduko ditu, eragileekin batera Algortako Itxartu, Barakaldoko Erreka-Ortu eta Sestaoko Salleko taldeak izango baitira. Guztira, ehundik gora dantzari elkartuko dira Durangoko erakustaldian.

Emakumeak Dantzari Bizkaian jaialdiak hasierako helburu biei eusten die. “Alde batetik emakume dantzariak beraiei dedikatutako egun  apropos batekin ondo pasa dezaten, haiek gustuko duten zerbait egiten: dantza egiten”, aipatzen dute antolatzaileek.

“Dantza gutxietsiak”

Bestalde, jaialdiak duen aldarrikapen puntua ere adierazten dute, “nesken dantzak gutxietsiak izan direlako historikoki Bizkaian”. Izan ere, nesken errepertorioko dantzak koreografiak direla leporatzen zaie, “baina azken batean, aspalditik datozen dantzak plazaratzea da ekitaldiaren intentzioa” eta egunen batean Bizkaiko Dantzari Egunean aurkezteko aukera izatea ere eskatzen dute.

Andra Mariko elizpean egingo den ekitaldian, neskek txikitatik ikasitako dantzak plazaratu eta merezitu duten garrantzia emango zaie. Dantza horiek “gutxienez orain dela 80 urte dantzatzen dira Durangaldean eta galtzeko arrisku larrian ikusten ditugu”, antolatzaileen arabera, beraien helburua “transmisio lan hori ez etetea” dela.

Errepertorioa

Emakumeak Dantzari Bizkaian ekimena “ez doa inoren aurka” antolatzaileen esanetan, bere helburua “neskak dantza taldeetan egiten duten lana onartzeko eta gure esker ona adierazteko” dela azpimarratu dute. Gainera, nesken parte hartzea mutilen dantzetan indartu behar dela azpimarratzen dute, “egunetik egunera nabarmenagoa delako emakumeen presentzia edozein motatako euskal dantzetan”.

Arratsaldeko 18:30ean hasiko den agerraldia ‘Soka dantza’ eta ‘Agintariena’rekin abiatuko da eta ondoren ‘Gorulari’, ‘Arku dantza’, ‘Sagar dantza’, ‘Kontrapas’, ‘Ibarzabal’, ‘Eusko dantza’ eta ‘Zinta dantza’ eskainiko dituzte. Ondoren ‘Gorulari’ko ‘Domingilo’ eta ‘Arku dantza’ eskainiko dituzte mutilekin batera.

Txalapartaren ekitaldiaren ostean, saioa osatuko duten ‘Kaskarot dantza’, ‘Fandango’ eta ‘Arin-arin’ eskainiko dituzte.

durangon.com
2 Noviembre 2017