Bizkaian Emakumeak Dantzari

4 Noviembre 2017 - 6:30pm

Bizkaiko 5 Emakume DantzariAsteburu honetan ospatuko da Bizkaiko 5. Emakume Dantzarien ekitaldia. Ikuskizuna Durangon izango da datorren larunbatean azaroaren 4an, arratsaldeko 18:30etan Andra Mariko elizpean.

Ekintzaren antolatzaileak Durangoko Tronperri eta Txoritxu Alai dantza taldeak dira, baina beraiekin batera izango ditugu ere Durangaldetik kanpoko taldeak: Itxartu (Algorta), Erreka-Ortu (Barakaldo) eta Salleko (Sestao).

Helburu bikoitza lortu nahi da. Alde batetik emakume dantzariak beraiei dedikatutako egun apropos batekin ondo pasa dezaten, haiek gustoko duten zerbait egiten: dantza egiten.

Eta era berean, aldarrikapen puntu bat ere izan nahi du, nesken dantzak gutxietsiak izan direlako historikoki Bizkaian. Koreografiak direla “leporatzen” zaie, baina azken batean, aspalditik datozen dantzak plazaratzea da ekitaldiaren intentzioa. Eta erabat pozik geratu ginateke, egunen batean Bizkaiko Dantzari Egunean aurkezteko aukera izaten badute.

Ospakizunaren protagonistak neskak izango dira, dantza taldeetan egiten dute lana onartzeko eta gure esker ona adierazteko. Baina argi geratu behar da baita ere, ekitaldia ez doala inoren aurka; alderantziz, zaindu eta mantendu egin behar dira “gizonezkoen” dantzak (dantzari dantza eta abar luze bat) gure kulturaren altxor bat direlako eta gure betebeharra da horrela izan dadila aurrerantzean ere. Aldi berean indartu behar da nesken parte hartzea dantza hoietan (eskubide osoa dutelako parte hartzeko). Berez, egunetik egunera nabarmenagoa da emakumeen presentzia edozein motatako euskal dantzetan.

Ekitaldearen asmoa neskek txikitatik ikasitako dantzak plazaratzea da , merezi duten garrantzia emanez. Gutxienez orain dela 80 urte dantzatzen dira Durangaldean eta galtzeko arrisku larrian ikusten ditugu. Transmisio lan hori ez etetea da gure asmo bakarra.

Egitaraua hauxe izango da:

  • Soka dantza.

  • Agintariena.

  • Gorulari (neskak).

  • Arku dantza.

  • Sagar dantza.

  • Kontrapas.

  • Ibarzabal.

  • Eusko dantza.

  • Zinta dantza.

  • Gorulari: Domingilo (mutilekin).

  • Gorulari: Arku dantza (mutilekin).

TXALAPARTA

  • Kaskarot dantza.

  • Fandango.

  • Arin-arin.

Guztira ehundik gora dantzari alkartuko dira Durangon erakustaldian. 2012.eko sanfaustoetako pregoian ohikatu zen moduan: Gora euskal dantzak!