Udalak "Dantza Plazetan" programa beste edizio bat irekiko du larunbat honetan

Larunbatean urtarrilak 28, arratsaldeko 20:00etan, dagoeneko tradizionala den erromeria egingo da Alde Zaharreko Santiago Plazan.

Bilboko Udalak, hiriko plazatan eskainiko diren erromeria tradizionalen, dantza erakustaldien eta kalejiren bitartez euskal folklore herrikoia bultzatzeko xedea duen ‘Dantza Plazetan’ programaren hamazazpigarren denboraldia jarriko du martxan asteburu honetan, dantzariek, ikus-entzuleak jaiarekin bat egitera gonbidatzen dituzten dantza tradizionalen alderdi parte-hartzailea berreskuratuz.

BILBAO. Urte osoan zehar Deustuko, Ibaiondoko, Begoñako eta Basurtu-Zorrotzako Barrutietan banatuko diren 49 ekitaldiak antolatzeko, Bilboko Udalak hiriko zortzi dantza talderen laguntza izango du, –Salbatzaile Dantza Taldea, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Ibai-Arte, Ondalan Erraldoien Konpartsa, Mikeldi, Goiko Alde eta Beti Jai Alai–, eta baita Deustuko Folklore Taldeak izenekoaren, 1. Barrutiko taldeen koordinatzailearen eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren lankidetza ere.

Egitaraua LARUNBAT honetan, urtarrilaren 27an, hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik, hilero, azken zapatuan, Zazpi Kaleetako Santiagoko plazatxoan, ospatzen den erromeria tradizionalarekin.

Otsailean dagoeneko, bi erromeria daude programatuta, 3an, Deustuko San Pedro Plazan eta 24an, Santiagoko Plazatxoan;horrez gain, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldeak erakustaldia eskainiko du San Felizisimon, otsailaren 4an, eta Ondalan taldeak bi kalejira egingo ditu, erraldoiekin, San Inazion eta Deustun, otsailaren 3an eta 4an, hurrenez hurren.

Otsaileko programazioa, Gaztedi Dantzari Taldeko umeen eta helduen taldeen kalejirarekin eta ikuskizun ibiltariarekin osatuko da, otsailaren 17an, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Santutxuko hainbat lekutan. Egun horretan bertan, 17:00etatik aurrera, Beti Jai Alai, taldearen eskutik, Basurtuko Barrutiko hainbat kale hartuko dituen erromeria eta Lantzeko inauteria ospatuko dira.

Aurten ere Larrain Dantzaz gozatu ahal izango da Areatzan, ekainaren 9an, larunbatean, egingo den zortzigarren edizioarekin. Ohikoa denez, uztaileko larunbat arratsalde guztietan –lehenengoan izan ezik, igandean izango baita, larunbatean Bilboko Kalealdiko ikuskizunak daudelako–, dantza erakustaldiak itzuliko dira Arriaga Plazara, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik, gure hiria bisitatzen duten pertsonei gure folklorea ezagutzeko aukera eskaintzeko. Arriagako plaza erromeria herrikoiaren agertokia izango da beste urte batez, ekainaren 2an, larunbatean, arratsaldeko 19:00etan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik.

Horrez gain, Dantza Plazetan egitarauak umeentzako lekua gordez jarraituko du, txikien (eta helduen) taldeen kalejirarekin. Horrela, Santutxukoaz gain, ekainaren 17an, dagoeneko tradizionala den umeen dantza erakustaldia egingo da Basurtuko Geltokiko plazan.

Erromerien, erakustaldien eta kalejiren egutegi osoa barrutietako kultur jarduerei buruzko Bilboko Udaleko webgunean, www.kulturabarrutik.eus, edo herritarren informaziorako 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.

http://www.deia.com/2018/01/25/bizkaia/bilbao/udalak-dantza-plazetan-pro...

Deia
25 Enero 2018