Lapurdiko Inauteriak ospatuko dira igandean Kastañosen

Kalera aterako diren 150 dantzariek herrialdeko aratusteetan izandako dantza batzuk eskainiko dituzte

Salbatzaile taldeak urteak daramatza auzoan Euskal Herriko toki zehatz bateko inauteriaren inguruko ikuskizuna eskaintzen.

Lapurdiko Inauteriaren antzezpena izango da igandean Bilboko Kastaños auzoan, Salbatzaile dantza taldeak antolatuta. Ikuskizun horrek hasiera emango die taldearen 40. urteurrena ospatzeko antolatuko diren ekitaldiei eta 200 pertsona inguru hartuko dute parte.

Salbatzaile taldeak urteak daramatza auzoan Euskal Herriko toki zehatz bateko inauteriaren inguruko ikuskizuna eskaintzen. Iaz Mundakako Aratusteen, Lasarte-Oriako Sorgin-dantzaren eta Lantzeko inauteriaren txanda izan zen. Aurten kalera aterako diren 150 dantzariek (15 eta 60 urte baino gehiagokoen artean) Lapurdiko dantza batzuk (makil txiki, Kaskarot dantza, dantza luze, jauziak, kontradantzak, bizar dantza…), eskainiko dituzte, 20 musikarik osatutako fanfarreak lagunduta, ospakizunaren pertsonaiekin batera (Banderariak, Kotilungorriak, Ponpierak, Bestagorri, Jaun eta Andrea, Makilariak eta Kaskarot…).

Ikuskizuna 12.00etan hasiko da kalejira egiten Funiko plazatik. Auzotik ohiko ibilbidea izango da, eta dantza egiteko Salbeko plazan, Campo Volantinean, Tibolin eta Epalza plazan gelditu egingo dira dantzariak. Berritasun bezala, aurten, Campo Volantina sartu da ibilbidean. 13:30ak aldera Inauteriaren antzezpena hasiko da Funiko plazan. Amaitutakoan, taloa, berakatz zopa eta tostadak ere izango dira dastatzeko. 17:00etan Salbatzaile fanfarreak alaitutako erromeriak amaiera ipiniko dio festari, beste behin ere auzoko lagun askoren (ia 200 bizilagun, dantza-begirale, dantzari, antolatzaile, musikari, jantzien egile, tramite-egile, sukaldari eta abarren artean) laguntzari esker posible izango dena.

Esan bezala, Lapurdiko Inauteriaren ospakizuna izango da aurten Salbatzaile dantza taldeak antolatuko dituen ekitaldietako lehena. Horregatik, taldeko sustatzaileek esfortzu berezia egin dute auzoko jendea erakartzeko eta baita taldeko lehenengo kideak ere, taldearen hasieran dantza egiten hasi zirenak. Hauxe izango da 2018. urtean zehar antolatuko dituzten hainbat jardueren lehena. Jarraipena auzoko Euskal Jaian izango da, ekainaren lehenengo asteburuan.

El correo
16 Febrero 2018