Goi Herri dantza taldeak 40. urte beteko ditu

San Inazioko Goi Herri Dantza Taldea sortu zela 40 urte beteko dira aurten.  Berez, 1976an sortu zuten taldea San Inazioko auzotarrek, baina 1978an egin zenez erregistro ofiziala aurten ospatuko dute 40. urteurrena. 

Goi Herri dantza taldeak 40. urte beteko ditu
Argazkiak: Goi Herri | Ikusi handiago | Argazki originala

Franco hil eta berehala hainbat talde eta auzo elkarte hasi ziren sortzen Bilbo inguruan. San Inazion lehenetarikoa Goi Herri Dantza Taldea izan zen. Inguruko herri eta auzo gehienetan bezala, hemen ere euskal dantza talde bat sortzeko grina zeukaten auzokideek. Ordurako Deustun Bihotz Alai eta Ikas Dantza Taldea sortuak zeuden, eta San Inazion bide berari ekin zioten.

Goi Herri Dantza Taldea 1976an sortu zen, baina 1978ra arte ez zuten ofizialki erregistratu, eta horregatik ospatuko dute aurten 40. urteurrena. Urte horietan beste hainbat talde sortu ziren San Inazion, 1976tik aurrera Kultur Etxean batzen hasi zirenak. Eraikina gaur egun Euskararen Etxea da, baina 1976an auzokideek berreskuratua izan aurretik Sindikatu Bertikalaren egoitza izan zen.

Goi Herri Dantza taldea ere bertan izan zen entseatzen 2002. urtean eraikina utzarazi eta Bizkaiko Foru Aldundiak Euskararen Etxeko proiektua hasi zuen arte. Hortik aurrera, San Inazioko eskolan eta Intxixu Ikastolan hasi ziren biltzen, entseatzeko lokal baten baten faltan. Gaur egun San Inazio-Ibarrekolandako Kultur Merkatuan entseatzen dute, eta materiala gordetzeko biltegia alokatu dute.

goiherri

Goi herri

40. urteurrena

Apirilaren 21ean, larunbata, Goi Herri Dantza Taldeak 40. urteurrena ospatuko du. Asmoa festaz betetako “egun handia” izatea da, taldekideek esan digutenez.

Egunari hasiera eman eta auzoa girotzeko, goizean triki-poteoa egingo dute. Bazkalorduan belaunaldi desberdinetako Goi Herriko kideak bilduko dira Baztan enparantzan elkarrekin bazkaltzeko. Urtero egiten dute bazkari bat dantza taldeko dantzari, txistulari, eta talde motoreko kideen artean, baina aurten ahalik eta kide gehien batzea dute helburu.

Arratsaldean dantza ikuskizuna egingo dute Goi Herriko belaunaldi guztien artean eta egunari amaiera emateko erromeria eta berbena antolatu dituzte, dena Baztan plazan. Gainera, apirilean zehar argazki erakusketa izango da ikusgai Kultur Merkatuan.

 

Gaur egungo egoera

40. urteurreneko ospakizunarekin beste 40 urterako energia bildu nahi dute taldekideek, ez baitira une erraza igarotzen ari. Ume asko badituzte ere, taldea dinamizatzen duten helduak ez dira hainbeste, eta askok urte luzeak daramatzate taldean. Erreleborik izango ez dutelako beldur dira, eta horregatik hots egiten diete euskal dantzak eta euskal kultura maite duten auzokideei proiektuaren parte izatera animatu daitezen.

 

Helduen erromeria taldea

Duela urte batzuk helduentzako erromeria ikastaroa jarri zuten martxan. “Arrakasta itzela da urtero”, azaldu digute antolatzaileek. Urritik otsailera bitartean erromerietako dantzak ikasi eta entseatzen dituzte. Bertaratzen diren gehienek ez dute inoiz aukerarik izan euskal dantzak ikasteko, baina gustatuko litzaieke, eta horregatik animatzen dira.

“Urritik otsailera bitarteko ikastaroa izanik, ez du konpromiso eta jarraikortasun handiegirik exigitzen, eta jaietan dantzatzeko beldurra kentzen laguntzen du”, argitu digute Goi Herriko kideek.

 

Txistularien garrantzia

Txistularien garrantzia ere azpimarratu dute dantza taldeko kideek. Goi Herriren lehenengo urteetan ez zeukaten txistularirik taldean, eta kasete batekin entseiatu behar zuten, baina gerora txistulariarekin entseatzen hasi ziren. Urteak eman zituzten horrela, digitalak zuzeneko musikari irabazi zion arte, eta gaur egun ohitura galdu egin da. “Orain txistularia plazan dantzatzeko bakarrik behar da eta txistulari gutxi daude”, azaldu digute. Tradizioa ez galtzeko eta txistularien erreleboa bermatzeko asmoz, Goi Herriko txistularia duela bizpahiru urte hasi zen taldekideei txistua irakasten, eta hainbat ume zein heldu animatu dira euskal dantzetan hain garrantzitsua den instrumentu hau jotzen ikastera.

https://uriola.eus/komunitatea/jonegarcia/1522836151920-goi-herri-dantza...

uriola.eus
6 Abril 2018