XVIII. Iparraldeko Haizeak jaiak hiru egunetako festa dakar Lekeitiora

Barikuan [maiatzak 18] hasita hainbat ekintza egingo dituzte Lekeition Iparraldeko Haizeak jaiaren baitan. Lekeitioko Aittitta Txiki Kultur Taldeak Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko harremanak sendotzeko helburuagaz sortu zuen ekimenaren 18.a ospatuko dute aurten, eta urtero modura dantza, musika, sukaldaritza lehiaketa, bertso eta azokarik ez da faltako.

20:00etan ekingo diote lehen egunari bertso poteoagaz. Orain arte bertso saioa egon izan da asteburu kulturalari hasiera emoteko, baina egunez aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Horrela, bertso saioa domekan [maiatzak 20] egingo da 17:30ean Ikusgarri zinema aretoan, eta horren ordez, barikuan bertso poteoa egingo dute Galarrenatik hasita, Lekeitioko eta Iparraldeko bertso eskoletako bertsolariekin batera.

Barikuari doinua ematen jarraitzeko Azken Trena Baztango musika taldearen kontzertua egongo da gauean Dzapart tabernan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, kontzertua kanpoan egingo da ona badago eta barruan euria balego.

XVIII. Iparraldeko Haizeak EGITARAUA

Gisatu txapelketa. Zapatuan [maiatzak 19] egingo da urtero kuadrillen artean arrakasta handia edukitzen duen Gisatu Txapelketa. 10:00etan hasi ahalko dira kuadrillak prestaketekin Eskolapean edo taberna aurreetan. Eguerdirako eduki beharko dute prest gisatua epaimahaiak erabakia hartu ahal izateko. Iaz esate baterako, aurkeztu ziren 18 taldeen arteko gisaturik hoberena WC Komuns taldearenena zela erabaki zuen epaimahaiak.

IPARRALDEKO HAIZEAK 2016-1

Kuadrillak janaria prestatu bitartean animaziorik ez da faltako. Baigorriko Gaiteroak, Lekeitioko Itxaropena txistulari taldea eta Aittitta Makurra txaranga ibiliko dira kalerik kale. Eguerdian, gainera, txikiteo abestua egingo dute Kuxkuxtu txarangak lagunduta.

Eskolapean eta taberna aurreetan bazkaldu ostean emango dituzte sariak Limoneroetan, eta jarraian Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeen emanaldia egongo da plazan.

XVIII. Iparraldeko Haizeak EGITARAUA

Musika Iparraldeko Haizeak jaiaren parte garrantzitsua izanik, egunari amaiera emateko Iparraldeko Polekeleke elektrotxarangak alaituko ditu gauean Lekeitioko kaleak.

Azoka. Iparraldeko eta Hegoaldeko ekoizleen elikagai eta artisautza produktuak ezagutu eta eskuratzeko aukera ere eskainiko du jaiak aurten ere. Azokako postuak 11:00etatik 14:30era egongo dira zabalik Independentzia plazan.

IPARRALDEKO HAIZEAK 2016

Azoka inguruetan ere, jai giroa izango da nagusi. Hernaniko pilotarien eskutik Bote Luzea pilota jolasaren erakustaldia egongo dira Paskual Abaroaren monumentuaren aurreko zabalgunean prestatuko duten zelaian.

XVIII. Iparraldeko Haizeak EGITARAUA

Orain arte hasiera eman dion Bertso Saioak itxiko du aurtengo asteburua. Lau bertsolari igoko dira Ikusgarri aretoko oholtzara: Maialen Lujanbio Euskal Herriko Txapelduna, Andoni Egaña, Igor Elortza eta Sustrai Colina. Gaiak jartzeko ardura, berriz, Xabat Galletebeitia Lekeitioko bertsolariak edukiko du.

Sarrerak salgai daude Lekeitioko Aralde liburu dendan, baina bertan egunean ere erosi ahalko dira, 17:00etatik aurrera, sarrerako leihatilan.

http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/2018/05/16/xviii-iparraldeko-haiz...

hitza.eus
16 Mayo 2018