XLII EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA

Ostirala, Iraila 19, 2014 - 19:00 to Igandea, Iraila 21, 2014 - 21:00

EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA

Duela 40 urte baino gehiago Basaurik gure folklore tradizionala gordetzen duten herrietara hurbiltzen gaitu eta dantza-talde autoktonoak aurkezten dizkigu argiz eta irudiz betetako ikuskizun paregabe honen bidez.

ZATOZ ETA GOZA EZAZU!

19 OSTIRALA
19:00 SOLOBARRIA PLAZAN
HAURRENTZAKO TAILERRAK
GUZTIONTZAKO ERROMERIA.
Parte har dezakezu, nahiz eta dantzan jakin ez.

20 LARUNBATA
16:00 -19:00 POZOKOETXE KULTUR ETXEAN
ERAKUSKETA: BIZKAIKO JANTZI TRADIZIONALAK.
EXPOSICIÓN: TRAJES TRADICIONALES DE BIZKAIA.
18:00 POZOKOETXE KULTUR ETXETIK
GONBIDATUTAKO DANTZA-TALDEEN KALEJIRA.
Hirigunearen erdialdean dantza-saio laburrak egingo dituzte.
19:00 BIZKOTXALDE PARKEAN
XLII. DANTZA AGERKETA
Honako talde autoktonoen dantza ikuskizuna.

  • Adurtza Dantza Taldea (Vitoria-Gasteiz, Araba)
  • Beti Jai Alai (Bilbo, Bizkaia)
  • Gure Kai (Deba, Gipuzkoa)
  • Txibiri (Olite, Nafarroa)
  • Begiraleak (Donibane Lohitzune, Lapurdi)
  • Altzürüküko Dantzariak (Altzürükü, Zuberoa)

21 IGANDEA
19:00 BIZKOTXALDE PARKEAN
DANTZA SAIOA BASAURIKO TALDEEKIN.

  • Agintzari
  • Basauritar
  • Edurre

15 IRAILA - 10 URRIA
POZOKOETXE KULTUR ETXEA
ERAKUSKETA: BIZKAIKO JANTZI TRADIZIONALAK

Prentsa Oharra 2014

Basaurik Bizkaiko dantzetako jantziak erakutsiko ditu “Euskal Herriko Dantza Agerketa”ren 42. edizioan

Aurtengo XLII. edizio honen berri aipagarria: “Janzkerak Bizkaiko Dantzetan” erakusketan artxibategietatik eta garai ezberdinetako argazkietatik ateratako jantziak izango ditugu ikusgai.

Gonbidatutako dantza-talde autoktonoen artean, bereziki aipatu nahi dugu Erriberriko Txibiri talde nafarra lehenengoz datorkigula Basaurira bere herri giroko inauteriak erakustera.

BASAURI, 2014ko irailaren 17a.- ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’n dantza-talde autoktonoek hartzen dute parte. Horrela deitzen zaie beren herrietako edota eskualdeetako dantzak gorde dituzten taldeei. Talde autoktonoek bertakoentzat esanguratsuak diren egunetan egiten dituzte dantzak (herriko jaiak, inauteriak, etab.). Horixe da, izan ere, haien ezaugarri nagusia. Beraz, hemen erakusten diren hainbat dantza jatorrizko lekuetan eta egun berezietan soilik ikus daitezke. Hala ere, jatorrizko herrietan dantza egiteari utzi baldin badiote, dantza horiek egiten dituzten taldeak ere gonbidatu izan dira inoiz edo behin Basaurira.

Euskal Herriko Dantza Agerketa duela 42 urte sortu zen euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak suspertzeko eta ezagutarazteko asmoz. Horrela, beroriek ezagutzeko aukera izan daiteke, egun horietan euren herrietara joan beharrik gabe. 

Ikuskizuna kanpoan egin ohi da, jatorriz ere dantzak plazetan, kaleetan eta elizpeetan egiten baitziren. Ohitura horiek beren inguruan kokatzen laguntzen saiatzen gara, tradiziozko erritu eta dantzen antzezpena argiz eta dantzarien herrietako argazkiz hornituz, era horretara ikuskizun koloretsu paregabea eskainiz. Dantza Agerketaren historia, esanahia eta zentzua Omer Oke-k 2010ean egindako dokumental batean jaso ziren (laburpen bat ikus daiteke http://www.youtube.com/watch?v=IeGf9bS_Amk helbidean).

Honako hau da 2014ko edizioaren berririk aipagarriena:  Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak “Janzkerak Bizkaiko Dantzetan” izeneko ERAKUSKETA dakarkigu Basaurira, XLII. Euskal Herriko Dantza Agerketa dela eta;  izan ere, Basauriko dantza-emanaldi honek “gure dantzak eta gure folklorearen usadio tradizionalak erakutsi eta babestu egiten dituelako”, Jon Gaminde Terrazak, Bizkaiko dantza-talde gehienak elkartzen dituen erakundearen koordinatzaileak, aitortzen duenez.

Erakusketak Bizkaiko dantzetan erabili izan diren hainbat jantzi aurkezten ditu. Jantzion bilduma egiteko artxibategietan eta garai ezberdinetako argazkietan oinarritu dira Bizkaiko Dantzarien Biltzarra eta aholkularitza eman dioten ikertzaile adituak. Bestalde, manikien ondoan jantziari buruzko informazioa ematen duen argibide-taulak jarri dira, baita dantzarekin lotutako beste elementu batzuk ere: banderak, doinuak…  Ikusi ahal izango diren hamazazpi jantziek dantza tradizionalaren bi eginkizun nagusi erakusten dizkigute: batetik, erritu-dantzak, prozesio eta liturgia-ospakizun edo urteko sasoi zehatzei lotuak; ondo egituratutako koreografia eta pausoak ez ezik, jantzi jakinak dituzte. Gizarte-dantzak, berriz, herritarren adierazpen kolektibo eta ludikoak dira eta, hortaz, era libreagoan sortu eta garatu izan dira, baita jantziei dagozkienean ere.

Erakusketa herenegun ireki zen, irailaren 15ean, eta urriaren 10era arte egongo da zabalik POZOKOETXEko KULTUR ETXEAn (Erronkari Ibarra z/g, Basauri), garraio publikoetako geltokietatik oso hurbil:  Metroa (Ariz), Renfe (Bidebieta-Basauri) eta Bizkaibus. Astelehenetik ostiralera goizez eta arratsaldez egongo da zabalik (bisita orduak: 11:30-13:15 eta 16:00-19:00). Horrez gain, Euskal Herriko Dantza Agerketa izango den larunbatean, irailaren 20an, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara ere egongo da zabalik, Basaurira dantza emanaldia ikustera datozen guztiek ere bisitatu ahal izan dezaten.

Bisita gidatuak ere eskaintzen dira herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako 5. eta 6. mailetako ikasleentzat, baita beste hiru bisita, irailaren 18an eta urriaren 2an (19:00etan), gaztelaniaz, eta urriaren 2an (18:00etan), euskaraz, hirurak ere irekiak edozeinentzat.

XLII. Euskal Herriko Dantza Agerketaren egitaraua

IRAILAREN 20AN, LARUNBATA, ordubeteko kalejira baten ondoren, ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ren ekitaldi nagusia izango da, 19:00etan Basauriko Bizkotxalde parkean. Euria eginez gero, ikuskizuna Social Antzokian izango da eta han ere sarrera dohainik izango da.

Aurtengo edizioan parte hartuko duten sei dantza-talde autoktonoek 170 dantzari baino gehiago dakartzate. Honako hauek dira:

·       Beti Jai Alai (Bilbo). Basurtuko talde honek urtero-urtero egiten du Soka-dantza abuztuaren 15ean Begoñako meza nagusiaren irteeran, non ohiko tradizio bihurtu baita, hain zuzen ere, Bilbo hiriko alkate jauna ere dantzan ikustea. Halaber, Ezpata-dantza ere dantzatuko dute, bai egun horretan eta bai azaroaren 11an Begoñako Andra Mariren egunean, basilika barruan meza bitartean egiten den dantza ospetsua.

·       Adurtza (Vitoria-Gasteiz). Talde arabarrak Gesaltza-Añanako folklorea eskainiko digu: Judas-en martxa, San Isidroren dantza, non, dantzariek biribilean jarrita, txapela jartzen diote buru gainean erdian dantzan ari den emakumeari –eta honek txapel guztiak orekan mantendu behar ditu azkenera arte-, Jota de la Perra eta el Pingajo.  Herritarrek dantza hauek egiteari utzi dietenean, beste herri batzuetako taldeek mantendu eta erakutsi dituzte, Adurtzak adibidez.

·       Gure Kai (Deba, Gipuzkoa). Debako dantzariek SanDroke Dantza ekarriko digute. Abuztuaren 16an, hiriko santu patroiaren egunean, herrian zehar egiten den ibilaldian haren irudia dagoen leku guztietan dantzatzen da. Gizonezkoen dantza da eta, antzina, gizon ezkonduek baino ez zuten egiten. Debako dantzariek egingo duten beste dantza batean, Jorrai dantza izenekoan, aitzurrak erabiliko dituzte lurrean eta zahagi batean jotzeko.

·       Txibiri (Olite-Erriberri, Nafarroa). Erriberritarrek lehendabiziko aldiz erakutsiko dituzte euren Inauteriak Basaurin. Herri-giroko inauteri horien aipamenak 1400 urteko dokumentuetan ageri dira; debekuak, gerratea eta emigrazioa direla-eta, 1926tik aurrera gain behera etorri ziren, baina herriko taldeak berreskuratu egin zuen 1992an. Herriko plazak zeharkatzen dituen erronda bat da, izatez, zenbait zati dituena: Pregoia, Karrika Dantza, Rigodon eta Inauteriko Jota. Erronda horretan zenbait pertsonaia azaltzen dira, hala nola, Satan, geroago airatu egiten dutena. Erriberritarrek Jota de la novia fea ere dantzatuko dute. 1987an berreskuratu zen jota honen izen bitxi hori 1920ko hamarkadan jota dantzatzeko kantatzen ziren kopletan ageri da.

·      Begiraleak (Donibane Lohizune, Lapurdi). Lapurdiko folklorearen adierazgarritasunak ekarriko dizkigute fanfarrearen erritmoan: muxikoak, kontradantzak, dantza-jokoak… baita Beteluren Fandango ikusgarria ere. Haiekin batera etorriko dira hartza, bere trebezia erakutsiko duen makilaria eta inauterietako zenbait pertsonaia ere. Aipatzekoak dira euren jantzi dotore eta ikusgarriak.

·       Altzürüküko Dantzariak (Altzürükü, Zuberoa). Altzürükü bere bizitza kultural eta sozio-ekonomikoa suspertu nahi duen Xiberoko herri txiki bat da. Bultzatzen ari diren ekimenen artean dago, besteak beste, bertako folklore tradizionala mantentzea, hala nola, inauteri sasoian maskaradan egiten diren dantzak. Hain zuzen ere, aurten Basaurira datozen dantzari gazte batzuk duela zenbait hamarkada Altzürükütik Basaurira etorritako dantzarien seme-alabak edota ilobak dira. Beraiekin batera bi kantari bitxi ere badatoz, “xorrotxak”, ikusleei bertsoak eskaintzera.

BESTELAKO EKINTZAK:

irailaren 19a, ostirala:

Euskal Herriko Dantza Agerketa beste zenbait ekintzaz osatzen da urtero, herritarrek gure folklorea hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten. Irailaren 19an, ostirala, herri erromeria izango da 19:30etatik aurrera Solabarria plazan. Antzinako erromerietako izpirituari jarraitu nahian, “parte har dezakezu, nahiz eta dantzan jakin ez” lemapean, San Migel aldean aspaldian egiten ziren erromeriak ekarri nahi ditugu gogora.

Herriko dantza-taldeetako dantzari eta laguntzaileek herri-dantzak ikasten lagunduko digute. Zenbait dantza bereziki prestatuak izango dira jende arruntak ere parte har dezan. Aurten ahalegin berezia egin dugu are erakargarriagoa izan dadin, Jon Gaminde Terraza gaitero eta txistulariak egindako zenbait musika-moldaketarekin. ‘Danbolin’ Txistulari Elkarteko 11 kide taldean izango dira, baita bi soinujole (Ibone Obieta eta Virgina González Blanco), trikitilari bat (Idurre Erauskin), zeharkako txirula (Ane Ibarrola), saxo-jole bat (Maider Díez), baxua (Jon Gaminde Elgoibar), bi gaitero (“Bizkaiko Gaiteroak”eko Martin Laka Ligos, “Txintxu” eta Aitor Otxandio) eta bi perkusionista ere (Aintza Calderon Bilbao eta Aitor Olabarria Aldazabal).

Aurretiaz, (19:00etan hasita), zenbait tailer izango dira (zelan jantzi buruko zapia? birziklatutako objektuez egindako musika-tresnen eraikuntza, txapa-prestaketa, erraldoitxoak...), sagardo eta txorizo dastatzea...  jai giroa alaitzen laguntzeko.

Irailaren 21a, igandea:

Basauriko bertako dantzarik ezagutzen ez denez, herriko dantza-taldeek ezin dute parte hartu Euskal Herriko Dantza Agerketa emanaldi nagusian. Hala ere, larunbateko jaialdiaren osagarri gisa, biharamunean (igandean, hilak 21) Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza-taldeek beraien errepertorioko zenbait dantza erakutsiko dituzte Bizkotxalde parkean bertan, 19:00etatik aurrera.  Euria eginez gero, Basauriko Social Antzokian izango da dantza-ikuskizuna.

ANTOLAKUNTZARI BURUZKO DATUAK

Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko dantza-taldeek antolatzen dute Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta diru-laguntzaz. Horrez gain, funtsezkoa da herriko zenbait erakunderen elkarlana (txokoak, Herriko Taldeak eta Danbolin Txistulari Elkartea), Bizkaiko Dantzariaren Biltzarrarena eta Bizkaiko Gaiteroena ere. Ekitaldiaren antolakuntza-lanetan, orotara, 100 pertsona baino gehiago ari gara.