BARAKALDOKO DANTZA-TALDEEN EMANALDIA 2017KO KARMENETAN

Igandea, Uztaila 16, 2017 - 22:00

GERNIKA 2017Datorren igandean, uztailak 16, Barakaldoko jaietako egun nagusian, Barakaldoko la dantza-taldeek, hots, Amaia, Erreka-ortu, Ibarra-kaldu eta Laguntasuna taldeek, emanaldi bat egingo dute Herriko Plazako agertoki nagusian, 22:00etan, 2017ko karmenetako egitarauaren barruan.

Duela bi urte berreskuratu zuten Barakaldoko dantza-taldeek beren ekitaldia karmenetako ekitaldi garrantzitsuen agertoki nagusian, Herriko Plazan, eta aurten, euskal dantzak modu berrietan aurkezteko asmoari jarraipena ematearren, lau taldeek ikuskizun desberdin bat prestatu dute, erabat berria, ohiko dantza-alardeen formatu klasikotik aldentzen dena, dantzak banakaturik, elkarri lotu barik emateko bideari ihes eginez, narrazio-ildo batean ardazturik erakustearren.

Aurtengo saioan, “GERNIKA” emango dute lau taldeek, eta, ikuskizun horren bidez, Bizkaiko hiri horrek 1937. urtean pairatu zuen bonbardaketa ankerra antzeztu nahi dute. Gainera, aukera horretaz baliatuta, beren ekarpena egin nahi diote Barakaldon azken hilabetean egin den ekitaldi sortari, hots, 37ko gerrako umeak omentzeko antolatu den egitarauari, duela 80 urte sorterria uztera behartuta egon ziren haien oroimenez.

Ikuskizun honen oinarria, Ibarra-kaldu elkarteak sorturik, 2012an eman zen jendaurrean, bonbardaketaren 75. urteurrenaren kariaz, baina oraingo honetan, are osatuago, Barakaldoko lau taldeek emango dute batera, Amaia, Erreka-ortu, Ibarra-kaldu eta Laguntasuna taldeek elkarrekin, alegia.

Baina taldeon jaietako eskaintza ez da horretara mugatzen, egun gehiagotan hartuko baitute parte 2017ko karmenetan. Aste osoan zehar, taldeetako txistularien eta Lutxanako dultzaineroen dianak egingo dira, egunero, 10:00etatik aurrera. Eta erromeriak ere izango dira, denok parte hartzekoak: lehena asteazkenean, uztailak 19, 19:30ean, Laguntasuna taldearen eskutik, eta bigarrena ostiralean, uztailak 21, 20:30ean, Saltoka taldearekin, Herriko plazan biak. Eta ostiralean dantza-paseoa ere egingo dute lau taldeek, 19:00etan Anaien Parketik abiaturik, Bide Onera igaro eta Herriko Plazara heltzeko, Saltoka taldearen erromeriarekin bat egitearren. Azkenik, igandean, uztailak 22, 12:00etan, Erraldoien Kontzentrazio eta kalejira egingo da, 12:00etan Herriko Plazatik irtenda Anaien Parkera iritsi arte. Zuen zain gaude.