Marian Arregi jantzari eta musikaria hil da

Euskal tradizinoa berreskuratzen mende erdiz ibili zan.

Marian Arregi (argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus, CC-BY-SA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal musika tradizionala aztertu eta zabaltzen ibili zan Marian Arregi, batez be jantzarako musikea. Oholtzan be sarri agertu zan, proiektu musikal askotako kidea izan zan eta. Gazterik hasi eta oraintsura arte ibili da lanean: Bilboko Arriaga Antzokiak 2017ko udagoienean estreinautako Martin Zalakain obran egin eban azken ekarpenetako bat.

Marian Arregi Donostian jaio zan, 1943an. Gaztetan jantzaria zan eta txapelketa batzuk irabazi zituan. Ondoren, akordeoia joten ikasi eta Trio Kemen hirukotean jo eban 1960ko hamarkadan. Ez Dok Amairu sortu aurreko urteetan, euskeraz kantetan eben Arregik eta taldekideek. Telebistan agertu zan Trio Kemen, eta nazinoarteko bira baten parte hartu eban.

Musikan bete-betean sartuta egon arren, jantzearen mundua ez eban alboratu Arregik. Holan, 1965ean Argia taldeko zuzendaritzan sartu eta Euskal Herrian zehar ibili zan. Orduan ekin etson, Juan Antonio Urbeltz senarragaz batera, herrietako jantza tradizionalak jaso eta gaurkotzeari.

Urtez urte egindako lanean, jantzarako doinu eta pausu ugari ikasi zituen Arregik eta Urbeltzek, gero Argia taldearen bidez zabaltzeko. Ganera, doinu tradizional eta klasikoetarako jantza barriak asmau zituan Arregik. 1970eko hamarkadan, LP batzuk plazaratu zituan Argia taldeak.

Ez Dok Amairuren bueltan ezagun egindako autore batzuen alboan be lan egin eban: Xabier Lete, Benito Lertxundi... diskoetan zein zuzeneko emonaldietan lagundu eutsen. 1980tik aurrera, Argia taldeak sortutako ikuskizun guztietako zuzendari izan zan, 2017ko Martin Zalakain-en be prestakuntza lanetan lagundu eutsan Mikel Urbeltz semeari. Azken proiektu horretan estreinau eben Arregik egindako Baldorba boleroa, doinuak sortzen be abila zan eta.

Dantzan atariak jakitera emon dauenez, 74 urtegaz hil da Marian Arregi, Donostian.

 

https://bizkaie.biz/1520324976979

bizkaie.biz
Asteartea, Martxoa 6, 2018