MAHAIGANEKOA

FIGURAK:
Jarraigoa:

  • Banaka egiten den dantza, herriko elkarteak antolatua. 
  • Udaleko agintari nagusiak edo Udalbatza osoa.

Musika-tresna:

  • Kantua
  • Txistua eta danbolina

Janzkera:
Mutilen janzkera (Xemein):

  • Txapel beltza.
  • Harizko alkandora zuria, lepokoarekin; paparreko farfaila bordatuekin, alozekin edo gurutze puntuan apaindua, zenbait koloretan (bakoitzaren gustuaren arabera). 
  • Oihal edo belusezko txalekoa.
  • Gerriko gorria, urdina, beltza, zuria, berdea, zein beste kolore batekoa.
  • Telazko praka luze urdinak; praka barrenak artilezko galtzerdien barruan sartzen dira. 
  • Artilezko galtzerdiak.
  • Larruzko abarkak.

Nesken janzkera:
Busturialdeko eta Markinaldeko neska eta andrek tradizioan erabili izan dituzten jantziak erabiltzea gomendatzen dugu. Bat baino gehiago izan daitezke. Lekeition urtero abuztuan antzezten den "Euskal ezkontzan" erabilitako nesken jantziak oso egokiak izan daitezke. 

Alkatearen edo fiel erregidorearen janzkera: 

  • Kapelu luzea.
  • Harizko alkandora, lepokoarekin; paparreko farfaila bordatuekin eta alozekin apaindua. 
  • Marroi koloreko jakatxo laburra, xingola beltzez azpildua. 
  • Zeta oihalezko gerrikoa, jantziarekin bat datorren kolorekoa. 
  • Praka marroi luzeak, belaunetatik beherakoak. 
  • Zapata beltzak azpantar marroiekin, praka laburrak daramatzanerako. 
  • Aginte-makila edo lantza 

Dantzak:
Mahaiganekoa

INGURUNEA:
Geografikoa:

MARKINALDEA:

  • Xemein

BUSTURIALDEA:

  • Mendexa

Egunak:

San Migel Zaindariaren eguna, irailaren 29an. Xemeinen.

San Pedro Advincula Zaindariaren Jaia, abuztuaren 1ean, Mendexan. 

Testuingurua:
Herri bietan modu antzekoan egin izan da dantza hau. Udaletxean egiten zen, afari baten ostean. Herriko agintariek eta bertako bizilagunek hartzen zuten parte. 

Partaideek mahai gainean egiten zuten dantzan, batak bestearen segidan. Alkatea zen buru, eta dantzari bakoitzari edalontzi bat ardo eskaintzen zion dantzan egin aurretik. Bertaratzen zirenek dantzaren doinua abesten zuten aho batez, mahiaren inguruan erritmoan mugitzen ziren bitartean. 

Aipatu herrietan dantzaren garapen eta testuingurua antzerakoak ziren. Gaur egun ere antzerakoak dira: Alkatea mahaiaren buru da, eta mahaira igotzen den bakoitzari edalontzi bat ardo eskaintzen dio. Partaideek, tragoa jo, eta aipatu bakarkako dantzari hasiera ematen diote. Mahai gainean egiten dute dantzan, mahaiaren alde batetik bestera, luzera osoa hartuta. Pausuak aurreraka zein atzeraka egiten dituzte. Gero, oin puntekin egiten dute dantzan eta une horretan hurrengo dantzariak hartzen du parte, lehenengoak gurpil edo grabilleta bat eginez ematen diolarik amaiera bere saioari. Modu beretsuan igoko dira mahaira bertaratu diren gainerakoak. Dantza hau txistulariaren doinuan edo Horra hor goiko herriko kantaren doinuan egiten da. Batzutan bateratu egiten dira txistua eta kantua. 
Mendexan, ohitura, udaltzaina mahaira igotzen lehena izatea zen. Berak ematen zion hasiera eta amaiera dantzari. Xemeinen, afaria amaitu ostean, mahaikideek, soka bat osatuz, buelta errituala ematen zioten San Migel Goiaingeruaren ermitari, alkateak zuen farol-argiaren gidaritzapean. Azken herri honetan, Aurreskua egiten zuten gauez, eta gero, afaltzen zuten lekura itzultzen ziren Mahaiganekoa egitera. 

Gaur egun, testuingurua itxuraldatu egin da herri bietan. Gaueko erromeriaren atsedenaldian edo egunez antolatuta dagoen jai-egitarauaren barruan egiten dira dantza hau eta beronen errito-egintza batzuk. Gizarte eta udal-izaera handiko dantza da, udal-agintari nagusiaren aurrean egiten dena. 

BIBLIOGRAFIA:
“Cancionero Popular Vasco. T.: I”. AZKUE, Resurrección Mª  de. 261 eta 262. or. eta 345 eta 346. or.
“De canciones, danzas y músicas del País Vasco”. JORDA, Enrique. 93. or.
“Xemeingo Ezpata Dantza: Dantzariak 37. alea”. AMUTXASTEGI, Felipe eta IRIGOIEN, Iñaki. 2tik 48ra bitarteko or.
“Xemeingo Ezpata Dantza: Dantzariak 49. alea. AMUTXASTEGI, Felipe eta IRIGOIEN, Iñaki. 2tik 38ra bitarteko or. eta musika-orrialdeak
“Foklor Egutegia: Dantzariak 10. alea”. EDB (Euskal Dantzarien Biltzarra). 14. or.
“Danzas de Vizcaya: Dantzariak 3. alea. IRIGOIEN, Iñaki. 27tik 35era bitarteko or.
“San Migel de Arretxinaga: Gure herria: Tradiciones y costumbres del País Vasco, T.:IV”  FELIU Corcuera, Alfredo. 143tik 158ra bitarteko or.
“Ritos de verano (I): festividad de San Juan Bautista”. GARMENDIA Larrañaga, Juan.
EDB “Dantzak eskolan” 1.  EDB  Bilbo. Mahaiganeko