Zerutxu dantza taldeak eta Uhagon kultur elkarteak euskal dantza tradizionalen erakusketa prestatu dute herriko zortzi dendetako erakusleihoetan. Bisita gidatua egin da gaur euretatik.
Pili Garitaonaindia eta Felipe Amutxastegi jantzien azalpenak ematen gaur goizeko bisita gidatuan.
Zerutxu dantza taldearen eskutik, euskal kulturaren eta folklorearen osagai garrantzitsuak diren euskal dantza tradizional ezberdinetako jantziak miresteko aukera egon da gaur [urriak 26] goizean Markina-Xemeinen. Ondarearen Europako Jardunaldien baitan euskal dantzetan erabiltzen diren jantzien erakusketa prestatu dute Uhagon kultur elkarteak eta Zerutxuk, eta bisita gidatuaren bidez herri bateko eta besteko xehetasunak ezagutu ahal izan dira.
Euskal dantza bakoitzak bere jantzi propioa dauka eta herri bakoitzean jantzi ezberdinak daude. Zerutxuk dituen 55 urteetan Euskal Herri osoko dantza ugari egin ditu, eta jantziak prestatu dituzte bakoitzerako. Izan ere, Zerutxuk asko zaindu ditu arropak eta altxor handiak dituzte gordeta. Hori dela eta, aukeraketa bat egin eta euretako batzuk jarri dituzte ikusgai herriko zortzi dendetako erakusleihoetan, bereziak guztiak.
Goiko Portalean hasi da gaurko bisita. Uhagon kultur elkartekoek jardunaldien berri eman eta ekin zaio ibilbideari. Gidari egin dute adituetan adituenak: Zerutxu dantza taldearen sortzaile eta sustatzaile izan diren Felipe Amutxastegik eta Pili Garitaonaindiak eman dituzte, batez ere, azalpenak.
Kareaga dendan, esate baterako, Lekeitioko emakumeen aurreskua egiteko erabiltzen den jantzia, Gipuzkoako Batelerak dantzaren jantzia eta bertoko jantzia daude ikusgai. Amutxastegik azaldu duenez, desagerturik zegoen Lekeitioko emakumeen aurreskua ikertzen hasi ziren Zerutxukoak, eta Lekeitioko nagusiekin pausoak ikasten, dantza berreskuratzeko. Lehenagoko jantzi guztiak Zerutxukoek eginak direla azaldu du, berriz Garitaonaindiak, “dantzarien guraso askok bordatutakoak”. Pili Garitaonaindia berak egindakoak ere badira euretako asko.
Tate kafetegiko erakusleihoan jarri duten soinekoetako bat San Jazinto ermitako aldarearen ondoko mahai bat estaltzen zegoen gona bat oinarri hartuta egin zutela azaldu dute. Gona aurkitu, fotolito bat egin eta arropa pieza oso bat erosi zuten gonak zeukan irudia estanpatzeko. Talde guztiarentzako jantziak egin zituzten horrela, Markina-Xemeinen aurkitutako gona zaharraren irudira. Erakusleiho horretako gizonezkoen jantziak, Xemeingo ezpata dantza egiteko janzten direnak ere, eskuz egindakoak dira, xehetasun guztiekin. Eskapulario zahar bat ere badago, 1932 urtean egindakoa.
Zuberoako dantzetako jantziak jarri dituzte ikusgai JJ arropa dendan eta Eneida estetika dendan, Otsagabiako dantzariak Carlota dendan, Lanestosa eta Eltziegoko jantziak Iku argazki dendan, poxpolina, dantzaria eta sardinera Txanbelin arropa dendan, Luzaidekoak Ibane barne diseinu dendan eta erdi arokoak Lea ileapaindegian. Herri bakoitzeko ezaugarriak errespetatuz eta dokumentu, liburu, argazki zahar edo margoak ikertuz eta aztertuz osatu dituzte jantzi guztiak, eta horrek apartekoak egin ditu erabat. Garaiz garai gainera, arropak hobetzen eta egokitzen joan dira. Hala, xehetasunez bete daude denak: urrezko botoiak, bordatuak, kapelak, lepoko, kakorratzagaz egindako botoiak… dituzte.
Jantziez gain dantzetan erabiltzen den materiala ere badago erakusleihoetan, izan ere, dantza bakoitzean material ezberdina erabiltzen da: makilak, arkuak…
Erakusketa antolatzeko dendariek erakutsitako prestutasuna eskertu dute amaieran Uhagon elkartekoek eta Zerutxukoak. Jakitera eman dutenez, jantziak ikusgai egongo dira datorren astean ere.