Urratsak ikasiak dituen plaza

Jendetza batu da Bilboko Plaza Barrian baserritarrez jantzita larrain dantza dantzatzera.

Giro berezia sortzen da egunero-egunero han egiten diren dantzaldietan

Jende askok egin zuen bat atzo Bilboko Udalak Plaza Barriko larrain dantzara «garai bateko jantziekin» joateko proposamenarekin.

Betiko lekuan dago plaza, baina badakizki urratsak. Klasikoak dira jadanik Bilboko Plaza Barrian egiten diren Aste Nagusiko dantza ikuskizunak. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak (BDB) eta Bilboko Udalak antolatzen dute ekitaldia, eta jendetza biltzen dute egunero-egunero, 19:00etatik aurrera. Dantza taldeen ikuskizunak izaten dira lehenik, eta plazan dauden guztientzako dantza saio irekia ondoren, eta bereziki arrakastatsua da egunero egiten den larrain dantza. «Giro berezia sortzen da», dio Jon Gaminde BDBren koordinatzaileak. Berezi dena bereziago egin zuten atzo, gainera. Zuberoako maskaradako dantzak egin zituen Gaztedi dantza taldeak aurrena, eta, udalak egindako proposamena onartuz, «garai bateko jantziz»aritu ziren ehunka pertsona dantzan. Espartinekin batzuk, kirol oinetakoekin besteak, dantzaz jantzi zuten plaza beste behin ere.

Berriak dira aldiro urratsak, baina egunerokoa da argazkia. Plazako agertokian musikariak, plaza erdian dantzariak, eta inguruan ikusleak; oin puntetan haietariko asko, sakelako, iPod eta argazki makinekin bideoak atera eta unean-unean sortutako mugimenduak beren memorietan betirako gordetzeko asmoz. Umea bizkarrean duela dago Alvaro Arribas, adibidez. «Maiz etortzen naiz. Hemendik pasatuz gero, beti gelditzen naiz tarte batez dantzariak ikustera, eta umea ere entretenituta egoten da; gustatzen zaio begira egotea».

Ezarria dute formula Bizkaiko Dantzarien Biltzarrekoek. Izan ere, suziria botatzen den egunetik hasita, dantza talde bat aritzen da plazan egunero, eta dantzaldia egiten dute beti ondoren. Jendea dantzariak ikusten, lehenik; jendea dantzariekin dantzan, ondoren. Bigarren tarte horren garrantzia azpimarratu du Gamindek, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren koordinatzaileak. «Dantzaldia amaitzen denetik 22:00etara arte izaten gara erromeria horretan, eta jendea gainezka izaten da. Plaza bete-beteta egoten da, eta oso giro jatorrean, gainera. Dantzak ikastera datoz batzuk, eta dantzak ikasita beste asko». Plaza bete urrats.

Eta, hain zuzen ere, jendetza hori zaie erakargarri dantzariei. Urteak daramatzate Plaza Barrian festetan dantza saioak antolatzen, eta jadanik haizea alde dutela aritzen dira han dantzariak. «Aste Nagusian badago publiko bat ekitaldi bakoitzerako, eta guk badugu gurea», dio Gamindek. Dantzazaleentzat berezia da ekitaldia horregatik, eta dantzarientzat ere berezia da ekitaldia. «Ekartzen ditugun talde batzuk badira Bilbokoak, eta gehienak Bizkaikoak dira, eta pozarren etortzen dira guztiak Aste Nagusira: hemen ikusleak ziurtatuak dituzte».

Dantzarien urduritasuna

Nerbioak gogoratzen ditu, esaterako, Irati Torres Erandioko Goi-Alde dantza taldeko kideak. 14 urterekin egin zuen lehen saioa Plaza Barrian, eta 17rekin egin du azkena, orain ez hainbeste: astelehen arratsaldean. «Beste herrietan dantzatzeko ohitura badugu, baina Bilbon dantzatzea berezia da. Jende asko egoten da, eta urduritasuna igartzen duzu. Baina urtea joan eta urtea etorri, gero eta hobeki daramazu hori ere. Azkenean, honetara ere ohitu egiten zara». Egun handia da Plaza Barriko eguna dantza taldearentzat, eta 17 urtetik gorako dantzari guztiek parte hartzen dute horregatik. Jendetza bat dantzan, begira dagoen beste jendetza batentzat.

Dantza ikuskizunari adi, baina haren osteko dantzaldia hasteko gogoz dago Arantxa Mendia. Onartu du: gustuko du Aste Nagusiko dantza eskaintzaren bigarren atal hori ere. Horretara joan da espresuki Algortatik Plaza Barrira. «Ez naiz dantzatzera animatzen, baina asko gustatzen zait sortzen den giroa. Nire semeek egiten dute dantzan, baina ni baldar xamarra naiz. Hori bai, gustatu, ikaragarri gustatzen zaizkit».

Ahaztutakoari so

Bilbokoa da Ane Garai; umetan dantza talde batean ibili zen, baina orain bisitan etorritako lagun batzuekin dago plazan, begira. «Hiria erakutsi nahi diegu, eta dantzak erakustea ere aukera ona dela pentsatu dugu, gure kulturaren parte baita, azken finean». Metro gutxi batzuetara du Jose Ramon Diez Eguskiza. Bilbokoa da hura ere, eta dantza talde bateko lehendakari ere izan zen gaztetan. Irribarrez kontatzen du bere istorioa: «Dantzatzen ez dut inoiz jakin, baina antolaketa lanetan ongi aritzen nintzela pentsatuko zuten nonbait, eta horregatik izendatu ninduten lehendakari!». Begira dabil orain ere. Urteak daramatza Santanderren bizitzen, baina ezinbestekoa du Marijaiari bisita egitea. Eta, orain, baita Plaza Barriari ere. «Nire emaztearen herriko dantza taldea ikustera etorri gara; ezagun mordoa dugu dantzarien artean».

http://www.berria.eus/paperekoa/1757/028/001/2014-08-20/urratsak_ikasiak...

Berria
20 Agosto 2014