Dantzen tradizioa sasoi berrietara egokituz

Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo dantza taldeek, herriko beste hainbat elkartegaz batera, sanpedro eta santaisabel jaietan emakumearen presentzia bermatzeko ibilbideari ekin diote. Udalak Berdintasun sailaren bitartez egindako deialdiari heldu diote, eta hori nola bideratu ikusteko zenbait batzar egin dituzte urritik hona. Neskek ere Dantzari Dantzan parte hartzea “prozesu natural bat” izango dela argi dute Maialen Narbaizak (Iremiñe) eta Ismael Lasartek (San Lorentzo).

Argazkia: Lehior Elorriaga | Ikusi handiago | Argazki originala

Genero ikuspegitik gauzak mugitzen ari dira dantza munduan. Berrizen ere bai, ezta?
Ismael Lasarte: Sanpedro eta santaisabel jaietan Dantzari Dantza egiten da beti, eta ekitaldi horretan emakumearen presentzia nola bermatu aztertzen ibili gara. Askok galdetu digute zergatik ez duten Dantzari Dantza egiten emakumeek, eta guk argi dugu egun hori helduko dela. San Lorentzok Dantzari Dantza baino ez du egiten —ez du neska talderik—. Duela bost urte umetxoena sortu genuen, eta Dantzari Dantza egiten dute neskek zein mutilek. Besterik ez dakigu. Baina, taldeko neskato nagusienak 9 urte ditu eta gazteegia da plazara irteteko. 15-16 urterekin, prozesu natural baten ondorioz, eta hala nahi badu, baliteke irtetea.

Maialen Narbaiza: Orain hasi gara Iremiñen ere, irakasten dugunon artean, elkarri Dantzari Dantza zein ilanderen dantzak erakusten. Hartara, neska-mutilei denetarik erakusteko.

Lehenengo pausoa da hau. Baina ez duzue, aurten behintzat, plazan islatzerik izan...
M.N.: Dantzari Dantza osoa dakien neskarik ez dago. Astirik ere ez du eman ikasteko. Astiro astiro joango gara bidea egiten.
I.L.: Hala ere, deialdia zabala izan da aurten neska zein mutilentzat. Hori berori aurrerapauso bat da. Hala ere, denagaz gertatzen den moduan, denbora beharko da. Sekula Dantzari Dantza egin ez duen dantzariak ezin du hilabetean ikasi. Prozesu natural bat eman behar da, eta helduko da neskak ere plazara Dantzari Dantza egitera irtengo diren eguna. Goizago edo geroago.

Parekidetasuna bermatzeko urrats hauek udalak bideratu dituen arren, herritarren artean ere izan da halako ardura bat?
I.L..: Egon dira, tradizioz edo, betebeharreko zenbait baldintza. Eta dantzari batzuek azaldu dute hori aldatzeko beharra, sasoiotara egokitzeko beharra. Hala ere, prozesu guztia udalak bideratu du. Denok ados egon gara aurten gauzatutako aldaketak modu naturalean eman behar zirela. Ezin dira gauzak indarrez egin, derrigortuta... Atzetik datozenek ez dituzte guk bizitakoak bizi.
M.N.: Hala da. Umeak ere badatoz atzetik. Horiek beste era batera biziko dute dena. Dena naturaltasunez joango da eurentzat. Horixe da helburua.

Zeintzuk izan dira aldaketak? Tradizioz nola egiten da jaietako Dantzari Dantza?
I.L.: Deialdi zabala egiten zitzaien dantzariei, gaztea eta ezkongabea behar zuen izan, eta, herriko txistulariak aukeraketa egiten zuen. Aurrerantzean, aukeraketa horretan Iremiñeko dantzari batek eta San Lorentzeko beste batek ere parte hartuko dute. Parekidetasuna bermatzeaz gain, txistulariari ardura hori ere kendu gura izan diogu, eta dantzaria ez da zertan gaztea eta ezkongabea izan: emakumea, gaztea, heldua, ezkondua, ezkongabea... izan daiteke. Ez gabiltza tradizioa apurtzen, tradizioa egiten baino, sasoiotara moldatzen.
M.N.: Gainera, dantzari moduan jakin badakigu, adibidez, 13 urterekin goiz dela plazara irteteko. Izango du denbora aurrerago ere bai.

Eztabaida handia sortu da?
I.L..: Neskek parte hartzeak baino, denborak eragin du eztabaida. Nesken presentzia berehala ematea gura izan dute  batzuek. Baina ez dugu ezagutzen plazan Dantzari Dantza osoa dantzatzen dakien neskarik.
M.N.: Ez da inor egon dantza taldeetan. Denbora behar da ikasteko, eta inork ez du atsegin derrigortzea. Gauzak astiro joan behar dira, eta 9-10 urteko dantzariei ere ulertarazi, adibidez.

Zein da erronka?
I.L.: Gauzak normaltasunez ikustea, adibidez.
M.N.:  Neska lez, jaietan Dantzari Dantza egiteko aukera izatea, askatasun osoz.

Talde mistoak errealitate izango dira Dantzari Dantzan ere?
I.L.: Gurean badaude. Plazan ere bai. Gizon batzuei kosta egiten zaie hori barneratzea, ikustea. Bestelakoa ikusi dute beti. Baina andrak harro sentitzen dira neskak mutilen pare ikusita.
M.N.: Hori da itxaropena. Nik neuk gura dut. Neska-mutilek, esaterako, nahastuta egiten dugu Gurutze Dantza plazan.

Dantzarien jantziek asko markatzen dute generoa, ezta?
M.N.: Hala da. Neskentzat zein mutilentzat dantzatzeko erosoak diren jantziak topatu behar direla uste dut. Gonagaz oso zaila da hanka altxatzea. Hala ere, oraindik asko dago eztabaidatzeko eta aztertzeko.
I.L.: Eztabaida hau izan genuen neskak sartu zirenean eta denek Dantzari Dantzari dagokion jantzia erabiltzea erabaki zen. Neskak bestela jantzita, dena hutsaldu egiten dela uste dut. Hala ere, eztabaida zabala da.

http://anboto.org/berriz/1467961312667

anboto.org
8 Julio 2016