Dantza, auzoa uztartzeko tresna

Salbatzaile taldeak bere Euskal Jaia ospatu zuen atzo Kastaños auzoan, non Begoña Arroyo omendu zuten.

dantza

ATZERA begiratu zuen atzo Salbatzaile Dantza Taldeak bere sorrera gogoratzeko. Ariketa horretan ezinezkoa da merezitako omenaldia jaso zuen Begoña Arroyo fundatzaileaz hitz ez egitea. Begirada kendu gabe jarraitu zuen atzo taldeak Funikularreko plazan emandako erakustaldia, 200 dantzari baino gehiagoren partaidetzarekin. “Galtzontzillo zuriak jartzeko esaten diet beti mutilei eta bati galtzak apurtu zaizkio, koloredun galtzontzilloak agerian utziz!”, adierazi zuen ikuskizuna bukatutakoan, oroigarri gisa, funikularreko oinpekoa jaso ostean. “Dantza taldea hasi zenean, orain dela 40 urte, lau dantzari baino ez zeuden”, gogoratu zuen. Egun, auzoko ezinbesteko eragile bilakatu den horretan, bere zortzi bilobek jarduten dute. “Familian denak irten zaizkit dantzariak”, azaldu zuen Begoñak harrotasunez.

Salbatzaile Dantza Taldeak urtero ospatzen duen Euskal Jaiaren egitarauaren barruan, hainbat izan ziren gerturatutakoen aurrean aurkeztutako dantzak. “Urtean pare bat aldiz egiten dugu dantza auzoan, ez gaude urduri”, kontatu zuten Nere, Itziar, Maialen, Olazti eta Nahiak, Jota Pamplonas jende artean aurkeztu baino lehen. Hamarkada bat darama dantzan hamasei urteko neska talde honek, eta, kontatu zutenez, euren adineko mutil falta dago Salbatzailen. “Batzuetan neskak mutilaren rola hartu behar dugu”, aitortu zuten. Hala ere, taldean pasatako urteek merezi izan dute: “Erromerietan gaudenean lagunek imitatu egiten gaituzte, baina inoiz ez zaie ongi irtetzen”, aditzera eman zuten barre artean. Eta zer da gehien gogoko duzuena dantza egiten duzuenean? “Sentitzen duzun alaitasuna edo erakustea nongoa zaren”.

Funikularrera bidean zihoazen hainbat turista ere gerturatu ziren euskal folklorea hurbiletik ezagu-tzeko asmoz. “Izugarri gustatu zaizkigu dantzak, gure herrialdean ez dugu honelakorik ikusteko aukerarik”, adierazi zuen gogo biziz Emilyk, Estatu Batuetatik etorritako bisitariak. Izan ere, Salbatzaile Dan-tza Taldearen eginkizun nagusietako bat tokiko kulturaren erakusle izatea da. “Hiri handietan nabari da ez dagoela herrietan sortzen den euskal giro berbera, baina Bilboko hainbat auzotan saiatzen gara mugimendu hori mantentzen”, azaldu zuen Jabi Iru musikari eta dantzari ohiak. Bere esanetan, “indar eta ekimen askoren bultzatzaile bihurtu da taldea auzoan”. Eta hori Euskal Jaian nabaritzen da batez ere. “Egun berezia da. Orain dela urte batzuk auzoko jaiak egiten ziren Kastañosen;baina beste batzorde bat atera ez zenean, Euskal Jaia antolatzea proposatu genuen”, erantsi zuen. Horren fede eman zuten Miguel eta Bitorrek, Bonifazio elkarteko kideek. “Auzoa bizirik dago, auzolan asko egiten dugu eta dantza taldearen inplikazioa garrantzitsua da horretan”, adierazi zuten lagun hauek.

https://static.deia.eus/images/2018/06/03/sabal_13313_1.jpg

Deia
3 Junio 2018