Folk Lorea jaialdi barria antolatu dau Bilboko Udalak Santutxun

Erraldoiak eta gaiteroak izango dira protagonista, hilaren 15etik 17ra.

Euskal folklore herrikoian oinarritutako jaialdi barri baten, Folk Lorea izenekoaren, lehenengo edizinoa egingo dabe asteburuan Bilboko Santutxu auzoan. Hiru egunez, barikutik domekara, Bizkaiko eta Nafarroako bost erraldoi konparsak eta beste bost gaitero eta dultzainero taldek parte hartuko dabe. Bilboko Udala da antolatzailea, auzoko Gaztedi taldearen laguntzinoagaz, eta Mairuek erraldoi konparsearen 25. urteurrena gogoratuko dabe.

Folk Lorea jaialdiaren helburua folklore tradizionala bultzatzen segitzea eta ikus-entzuleei ikuskizun parebakoa eskaintzea da, antolatzaileen arabera. Programazinoa barikuan zabalduko dabe, arratsaldeko 18:30ean: Kalejirea eta Dantzakide taldearen erromeria egingo ditue Karmelo plazan.

Zapatuan, ostera, erraldoiak izango dira protagonistak. Bilboko lehenengo erraldoien konparsea izandako Mairuek gogoan hartuta, Erandio, Barakaldo, Bermeo, Bilbo eta Iruñetik etorritako taldeak kalerik kale ibiliko dira eguerdian.

Erraldoien kalejirea girotzeko, bost musika talde konbidau ditue: Tolosako Dultzaineroak, Ezpelur Gaiteroak, Amurrioko Gaiteroak, Bilboko Gaiteroak eta Gaztediko Gaiteroak. Egitaraua biribiltzeko, domekan, hilaren 17an, euskal jantzak aurkeztuko ditu Gaztedik Karmelo plazan, 13:00ean.

Mairuek konparsako erraldoiak Kukubiltxo taldeak egindako figurak dira eta pertsonaia herrikoiak agertzen ditue: Aittitte Matsorri (Begoñako baserritarra), Areatzako Jostune (Areatzan alkartzen ziran jostunen irudia), Kargerue (itsasadarreko moiletako kargatzailea) eta Angulerue (angulak itsasadarrean bilatzen zituana). Horreek erraldoiak Gaztedi taldearen esku itxi zituen igaz, eta Folk Lorea jaialdian beste leku batzuetako erraldoiakaz batera aterako ditue.

Jaialdiaren egitaraua zabaltzeko bideoa hemen ikusi.

https://bizkaie.biz/1528800063795

bizkaie.biz
12 Junio 2018