Folklore tradizionala zabaltzeko sortutako programazioak erraldoi konpartsak, musikariak eta Gaztedi Dantzari taldearen dantza-erakusketa eramango ditu auzora
'Folk Lorea' Santutxura heldu da folklore tradizionala auzoan zehar barreiatzeko. Barikuan ekin zioten programazioari kalejirarekin eta Dantzakide taldeak Karmelo plazan hilero antolatzen duen erromeria tradizionalarekin, eta gaur Bilboko erraldoi konpartsa izango da programazioaren erdigune.
Mairuek, Bilboko erraldoi taldearen 25. urteurrenaren harira, erraldoiek kalejira egingo dute auzoko hainbat gunetatik, eguerdiko 12:00etan Karmelo plazatik hasita. Julian Bolivar kalea, Santutxu kalea, Juan de la Cosa kalea, Iturriaga kalea eta Karmelo kaletik igaroko da jarraian, azkenik Karmelo plazan amaitu arte.
Plaza horretan elkartuko dira, bestalde, Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako musika estiloak ezagutarazteko, Tolosako Dultzaineroak, Ezpelur Gaiteroak, Amurrioko Gaiteroak, Bilboko Gaiteroak eta Gaztediko Gaiteroak.
Erraldoien elkarretaratze hau 'Folk Lorea' programaren ekitaldi nagusia izango da, izan ere, bost erraldoi konpartsa elkartuko dituzte. Gautxoriak Erandioko Erraldoiak; Laguntasuna Erraldoiak (Barakaldo), Kondea, Kondesa eta baserritar bikoteak osatzen dutena, Kukubiltxok egindakoak eta 1998an aurkeztutakoak; Kietb Erraldoiak (Bermeo), arte tradizional honekin bat egiten duten gazteen partaidetzarekin; Buztintxuriko Erraldoien Konpartsa (Iruñea) eta Mairuek Gaztediko Erraldoiak.
Azken horiek ere Kukubiltxo antzerki taldeak egindako erraldoiak dira, eta herri xeheko pertsonaiak irudikatzen dituzte: Aittitte Matsorri Begoñako baserritarra, Areatzako Jostune Areatzan elkartzen ziren jostunen omenez, Kargerue itsasadarreko kaietako kargatzaile tipikoa eta Angulerue, itsasadarrean txitxardin bila jarduten zena. Iaztik Gaztedi Dantzari Taldearen esku daude.
Talde parte-hartzaile guztiak Karmelo plazan elkartu ondoren, konpartsa bakoitzak, bere gaitero taldeak lagunduta, bals bat dantzatuko du. Amaitu ondoren, azken dantza bateratua egingo da erraldoi-konpartsa eta gaitero talde guztiak elkartuta.
Programazioa igandean itxiko da, eguerdiko 13:00etan, Gaztedi Dantzari taldearen dantza-erakusketarekin Santutxuko Karmelo Plazan.
http://www.elcorreo.com/zurekin/folk-loreak-santutxun-20180616184229-nt....