Egun osoko jaialdia antolatu dute
Dantzan emango dute zapatuko eguna Morgan. Dantza loraldia ospatuko dute, eta 180 dantzari batuko dira Busturialdeko herrian. Herriko Morga dantza taldea eta Morga Dantzari Kantari taldeez gain, Errekaldeko Arraizpe dantza taldea, Larrabetzuko Bizkargi dantza taldea eta Fruiz dantza taldea ere Morgan izango dira. Txistulariek eta Santutxuko Gaztedi erraldoi eta gaiteruek ere parte hartuko dute Morgako dantza jaialdian.
Herriko plazan izango da emanaldia, eta euria eginez gero, frontoian dantzatuko dute. Herritarrentzat egun berezia izaten dela esan du Morga Dantzari Kantari taldeko Marijo Zorrozak, eta aurten, gainera, herria apainduko dute egun horretarako.
Dantzan eta kantuan ibiltzea gustuko duen herria da Morga, eta jaiak zein egun bereziak horretarako aproposak izaten direla nabarmenduko dute biharko egunean ere. Euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, Dantza loraldiaren asmoa euskal dantzen eta euskal kantuen inguruan ahalik eta egunik politena eta parte hartzaileena igarotzea dela nabarmenduko dute.
https://busturialdea.hitza.eus/2019/05/23/morgako-dantza-loraldia-ospatu...