200 dantzari gazte batuko dira Forun domekan

33. Umeen Busturialdeko Dantzari Egunak eskualdeko dantza talde desberdinetako ume eta gaztetxoek ikasitakoa balioan jartzeko balioko du.

Iaz Mundakan batu ziren dantzariak.

Eskualdeko dantzari gazteen eguna ospatuko dute domekan. 33. aldiz, Busturialdeko Umeen Dantzari Egunak udalerri desberdinetako dantza taldeetako ume eta gaztetxoak batuko ditu.

Oraingo honetan, Foruan jarri dute hitzordua. Izan ere, herriko Urdaibai Dantza Taldea aurten bere 50. urteurrena ospatzen ari dela aprobetxatuz egingo dute bertan dantzari gazteen jaialdia.

Hamar talde. Urdaibai Dantza Taldeari Bermeoko Alkartasuna, Mundakako Gaztezar eta Egunsenti, Busturiko Irrintzi Alai, Gernika-Lumoko Elai Alai, Gautegiz Arteagako Artie, Ibarruriko Baso Txoritxu, Ibarrangeluko Lorea eta Bakioko Itxas Alde batuko zaizkio. Antolatzaileek adierazi dutenez, guztira 200 bat umek ikasitakoa agerian jarriko dute Forun.

Hala, herriko futbol zelaian batuko dira dantzariak. 12:45ean talde desberdinen kalejira egingo dute foruko kaleetatik, eta ostean ekitaldi nagusiari hasiera emango diote.

Iaz Mundakan egin zituzten eskualdeko taldeek Busturialdeko Dantzari Egunak; umeena udaberrian eta nagusiena udazkenean, ohi bezala. Hain zuzen ere, iazko ekainean 400 ume inguru batu ziren Mundakako Isla Kale polikiroldegian.

https://busturialdea.hitza.eus/2019/06/06/200-dantzari-gazte-batuko-dira...

hitza.eus
6 Junio 2019