Txistua eta dantza elkartuz

Busturialdeko 2. Txistu Egunak eskualdeko txistulariak eta Urdaibai Dantza Taldeko kideak batu ditu Foruan. Dantza taldekoen ibilbideagaz batera, Txomin Unzalu omendu dute.

txistularien topaketa Argazkia: Txebi Arriaga.

Txistua eta dantza elkarren eskutik doaz, eta biak batuz egin dute oraingoan Busturialdeko Txistu Eguna. Eskualdeko txistulari eta taldeen arteko harremanak landu eta beraien lana ezagutzera emateko asmoz, iaz Bermeon egin zuten lehenengoz euren topaketa, eta aurten Forun batu dira.

Bermeoko, Mundakako, Gernika-Lumoko eta Busturiko 55 bat txistularik euren doinuekin busti zuten udalerria, domekan. Euren berbetan, “oso ondo pasatu” zuten eta sortutako giroa azpimarratu dute: “Oso pozik gaude. Denbora itzela eduki genuen, eta bikain joan zen eguna”.

Aurtengo topaketan, gainera, aitortzarako tartea hartu dute aurtengoan. Izan ere, Urdaibai Dantza Taldearen 50 urteko ibilbide oparoa gogora ekarri zuten. Eta zelan ez, dantza artean egin zuten omenaldi ekitaldia. Era berean, Txomin Unzaluk omenaldi beroa jaso zuen bertan bildutakoen partetik. “Txistua joten aritu zen bera ere; bera izan zen txistulari nagusiena”. Momentu hunkigarria izan zela nabarmendu dute: “Oro har, egun hunkigarria izan zen denontzat”.

ohorezko aurreskua

Argazkia: Txebi Arriaga.

11:00ak aldera Landaberde jatetxearen aparkalekuan batu, eta kalejiran abiatu ziren Foruko Eleizalde auzora. Errepertorio zabala eskaini zuten bertaratutakoen belarrian goxatuz. Egun da Santimamiña, Pozik gatoz, Basatxoritxu eta Gorbeako gurutzea bezalako doinu ezagunak jo zituzten. Gainera, domekarako beren beregi Urdaibai kanta gorde zuten, “dantzariak omentzeko”.

Datorren urtera begira. Aurtengoa eginda, hurrengora begira daude Busturialdeko txistulariak, eta esan dutenez, aurtengo “egun borobilak” aurrera segitzeko indarra eman die. Aurreratu dutenez, Busturian ospatuko dute euren egun handia 2020an. Horrela, 2018an 50 urte bete zituen herriko Irrintzi Alai taldea omentzeko asmoa daukate, eta horrez gain, Julian Borda txistulari eta organo jotzailea ere omenduko dute.

Eta 2021eko lekua ere aukeratu dute daborduko. Orduan, Gernika-Lumon batuko dira, eta besteren artean, Teodoro Makazaga konpositore gernikarra omenduko dute (besteak beste, Gernika Club taldearen lehenengo ereserkia sortu zuen pianorako).

hitza.eus
18 Junio 2019