Herri bat dantzan jarri dute beste behin

Foruko Urdaibai Dantza Taldearen 50. urteurreneko ospakizun nagusia egiten ari dira gaur. Eguerdian, pregoia irakurri eta txupina botata hasi dute dantzariek euren egun handia, eta jarraian, futbol zelaian egin dute ekitaldi nagusia. Herri bazkariaren ostean, erromeriagaz dantzan jarraituko dute.

Urdaibai dantza taldea 50 urteurrena

“Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko” dio Negu Gorriaken kanta ezagunak, eta forutarrek dantzatzen duen herri bat ere bizi-bizirik mantentzen dela erakutsi dute beste behin. Herri bat dantzan da Urdaibai Dantza Taldekoen leloa, eta beste behin Foru dantzan jarri dute.

 

50. urteurrena ospatzen ari dira aurten, eta gaurkoa dute urteurreneko ospakizun nagusia. Euren eguna da eta dantzen inguruan elkarrekin orain arte egindako bidea zein hemendik aurrera egin gura dutena ospatzeko elkartu dira. Bost hamarkada hauetan taldearen parte izan diren 200 bat dantzari bildu dira, eta bidelagun izan dituzten eta dituzten txistulariak eta gaiteruak ere alboan izan dituzte. 12:30ean udaletxeko balkoitik pregoia irakurrita hasi dute urteurreneko ospakizun nagusia: “Forutarrok, dantzariok, eguerdi on Foru! 50 urte eta gero, hemen gaude gaur hainbeste lagun jai handi bat ospatzeko asmoz. Gure arbasoek hasi zutena jarraitzeko gogotsu segitzen du herriak. Herri honetan dantzak leku asko dauka. Eta zer da dantza bada, guretza? Ilusioa, euskal kultura, lagunartea, familia, erritmoa, parranda, musika… Hainbeste momentu eta sentimendu dira bakoitzak bereak dauzkanak; alaiak, tristeak, urte guzti hauetan jendea gure albotik ere joan zaigulako. Euren dantzarako gogoa eta ilusioa ez ditugu ahaztu gura gaur. Denon artean egin dezagun gaurkoa egun ahaztezina izatea! Izan zirelako gara eta garelako izango dira. Aupa Urdaibai Dantza Taldea! Aupa Foru!”

[IKUSI HEMEN ARGAZKI GALERIA]

Gero, txupina bota eta kalejiran hurreratu dira JM Torrealdai Kultur Etxearen alboko zelaira. 13:00etan hasi dute dantza saioa. Lehenengo gaur egun taldean dauden dantzariek eskaini dute emanaldia, eta 13:30etik aurrera, ostera, 50 urteotan taldetik pasatu diren foruarrek hamaika dantza eskaini dituzte. Gainera, orain dela 50 urte talderako egin zuten lehen ikurriñagaz aritu dira Gorulari dantzatzen.

Dantzari dantza, Agurra, Txulalai, Zapatari, Eusko Dantza, Gorulari, Xoxo dantza, Kaskarot, El Ciego, Larrain dantza… Asko izan dira eskaini dituztenak, eta izerdi tanta artean euren dantzari garaiak gogoan izan dituzte. Denek ere irribarretsu dantzatu dute.

“Gure jaialdi nagusia da gaur. Urtean zehar beti gaude gauzak egiten, baina gaurko da garrantzitsuena. 50 urte hauetan dantza taldetik 350 bat pertsona pasatu direla kalkulatu dugu, eta horietatik gehienak dantzaldira edota behintzat bazkarira etorri dira. Gaurko jaialdia guretzat da; ez da ikuskizun bat”.

[IKUSI HEMEN ARGAZKI GALERIA]

Egun osoko jaia. 15:30ak aldera eseri dira bazkaltzeko, eta arratsaldean ere dantzan jarraituko dute, erromeriagaz. “Dantza erromeria izango da; dantzariak garenez, dantzan amaituko dugu eguna”.

Abendura bitartean, hilero zer edo zer egingo dutela aurreratu dute Urdaibai Dantza Taldearen ordezkariek. Datorren astean hasiko dituzte San Inazio jaien ospakizunak, eta jaien barruan, urtero egin ohi dute dantza emanaldia. “San Izanio egunean Erregelak dantzatuko dugu. 1981ean berreskuratu genuen, eta ordutik urtero egiten dugu. Oraingoan, baina, 1981ean lehenengoz dantzatu zutenek dantzatuko dute. Irailean ere taldeko dantzaldi bat egiteko asmoa daukagu. Urrian umeen dantzari egun bat egingo dugu. Azaroko San Martin jaietan gure dantzak egingo ditugu, eta abenduan azken jai bategaz amaituko dugu”.

https://busturialdea.hitza.eus/2019/07/20/herri-bat-dantzan-jarri-dute-b...

hitza.eus
20 Julio 2019