Urtero legez, Gregorio Urionaguena auzokideak Gerediaga auzoa bisitatu du Salbadore egunez. Aurten baina, bisita berezia izan da. Auzokideek ekitaldi xume baten bidez 'Aitxu' omendu gura izan dute. Gerediagako juntetxea lepo bete da. Unai Iturriagak bere bizitzan oinarritutako bertsoak abestu dizkio. Gainera, auzoko dantzariek Agurra dantzatu diote. Txalo zaparrada bategaz erantzun duie publikoak Gregorio Urionaguenaren berbei: "Sei urtegaz hasi eta ahal izan dudan guztietan etorri naiz Salbadore egunez. Aurreskua ahal den guztietan egin dut. Baina, orain, zahartzaroan ezin leike egin. Oso pozik nago hainbeste jende hemen ikusteagaz. Esperantza daukat datorren urtean ere hemen ikusiko garela".
'Aitxu'-ren bizitza
Ehun eta bi urteko ibilbideagatik ondo merezita dauka Gregoriok auzotarrok egin dioten omenaldi xumea. Gregorio Urionaguena Arriaga 1917an jaio zen, Lebarioko Ola baserrian.
Bere pasioa dantza izan da. Gregoriok 6 urte zituela, 1923an, Salbadoren egin zuen lehenengoz dantzari dantzan. Gerra zibila bizi izan zuen. 20 urterekin Bizkargiko erresistentziara joan zen,frontera, handik Sollubera, Santo Domingoko aldatzera, Bilboko erreka eta zubiak defendatzera. Portugaleten, Gallartan, Gasteizko eta Orduñako seminario zaharrean ere ibili zen gerra garaian. Abadiñoko udaletik, Errusiar gudan laguntzeko deia izan zuen baina, ez zen joan. Soldaduzka Logroñoko koartelean egin zuen 'Batallon de trabajadores nº 18' delakoan.
1955ean Garaje Gregorio sortu zuen, Durangoko Astarloa kalean. 72 urterekin jubilatu zen. Gregorioren beste zaletasunetako bat, jubilatu ostean, erlojuak konpontzea zen eta, horrela Durangoko Andra Mari elizako dorreko erlojua, hainbat urtetan geldi egon zena, konpondu eta zaindu zuen.
“Bada herri honetan belaunaldi bat guda galdu eta aurrera egiten jakin duena. Gregorio belaunaldi horretakoa da. Ezbehar eta arazo larriak sufritzea tokatu zaion arren, beti zerbait ona atera eta aurrera egiten asmatu du. Horregatik esker onez, oroigarri hau eman gura dizugu”, esan du Kepa Bengoa Hamabi Harriko kideak omenaldian .
https://anboto.org/abadino/1565106731497-bideoa-aitxu-ri-omenaldi-hunkig...