Itsasaurre plaza dantzan jarri du Ondarroako Galizia Etxearen 50. urteurren jaiak

Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldearen saioagaz gozatzeko aukera egon da eguerdian; aspaldiko urteetan Ondarroan egon barik zeuden, eta emanaldi dotore bezain koloretsua eskaini dute.

Zerurxu dantza taldeko dantzariak Zerutxu dantza taldeko dantzariak, emanaldia hasi aurretik.

Urte oso berezia ari da izaten 2019a Ondarroan bizi diren galiziarrentzat. Berezia eta oparoa. Atzo [irailak 20, barikua] hasi ziren 50. urteurren jaiko ekimenak, eta gaur eguerdian izan dute jarraipena Itsasaurren. Udal ordezkariei eta Galizia Etxeko presidente eta ordezkariei egindako aurreskuak ireki du egitaraua 12:15 inguruan.

Ordurako, jende asko zebilen plazaren bueltan. Barakaldoko Galizia Etxeko Doce Lembranzas gaita taldekoak, entsegatzen; talde bereko eta Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeko dantzariak emanaldirako guztia prestatzen. Hitzordu berezia zen gaurkoa markina-xemeindarrentzat; urduri xamar zeuden batzuk. Urte asko, urte luzeak zeramatzaten Ondarroara etorri barik. Xemeingo ezpata dantza, Bateleras, Lanestosa, Sardinerak, Erregineta…, ikuskizun dotore bezain koloretsua eskaini du Zerutxuk. Barakaldoko dantzarien saioagaz Galiziako folklorea gertutik ezagutzeko aukera eduki dute ikusleek. Txaloz agurtu dituzte guztiak.

Eta zelan ez, gastronomiak ere leku garrantzitsua izan du. Galiziako produktu tipikoak jan eta edateko aukera ezin hobea izan dute beste behin Itsasaurren elkartu direnek. Txosna ondoko karpan joan-etorrian ibili dira herritarrak.

Jaiak, baina ez du etenik izango, eta ondorengo orduetan ere egongo da zer gozaturik.

EGITARAUA:

  • Irailak 21, zapatua
    • 20:45: Amigos del Swimg hirukotearen ikuskizuna.
    • 23:00: Queimada handia.
    • 23:30: Astarot taldearen kontzertua.
    • 01:30: Amigos del Swimg hirukotearen ikuskizuna 02:30ak arte.
  • Irailak 22, domeka
    • 12:00: Ekintza kulturalen hasiera eta galiziar gastronomiako produktuen salmenta Itsasaurren.
    • 12:00: Kalejira Laudioko Espalladoiro gaita eta dantza taldeagaz, Sestaoko Os Jarteiriños Nosa Xente taldeagaz eta Ondarroako Galizia Etxeko Os Novos Mariñeiros taldeagaz.
    • 13:30: Bermuth saioa Voces Navarras jota taldearen eskutik.
    • 14:30: Laudioko Espalladoiro gaita eta dantza taldearen eta Sestaoko Os Jarteiriños Nosa Xente taldearen ikuskizuna.
    • 17:00: Puzgarriak.
    • 18:00: DJ Zirkin.

 

hitza.eus
21 Septiembre 2019