Ezohikoa izan da aurtengo San Migel eguna. Markina-Xemeingo eta Xemeingo ordezkariek makila trukaketa egin dute Arretxinagako zubi zaharrean.
Markina-Xemeingo udal ordezkariak eta Xemeingo ordezkariak elkarregaz.
Asteburu osoan jaiak jo eta su ospatzen ibili ostean, jaietako egun nagusia ospatu dute gaur [irailak 29] Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan: San Migel eguna. Jaietako eguna handia domekaz egokitu denez, gainera, antzinako ohitura zahar bat berreskuratzeko aukera eduki dute gaurkoan. 2013an azkenekoz egin modura, Markina-Xemeingo eta Xemeingo ordezkariek makila trukaketa egin dute.
10:30ak pasatxo atera dira bi taldeak. Luis Egurrola alkateak, Isa Mandiola zinegotziak eta Idoia Arrieta zinegotziak osatu duten Markina-Xemeingo Udaleko ordezkaritzak udaletxe aurretik irten du txistulariek eta dantzariek lagunduta. Xemeingo Batzordeak aukeratutako Jose Mari Barinagarrementeria Mitxel, Lidia Ugartetxea eta Ruben Pujana ordezkariek, berriz, Xemeingo udaletxe zaharraren paretik irten dute trikitilariek lagunduta.
Sei ordezkariek Arretxinagako zubi zaharrean bat egin dute, eta hantxe aginte makila trukaketa egin dute Luis Egurrolak eta Jose Mari Barinagarrementeriak. Jarraian, txistulariek eta dantzariek lagunduta, Arretxinagako ermitarainoko bidea elkarregaz batera osatu dute. Baselizan santuaren omenezko elizkizuna eman du Aita Luisek.
Egunak, osterantzean, betiko izaera mantendu du. Elizkizuna 12:00ak inguruan amaitu da, eta ordurako Arretxinagako plaza jendez betetzen hasi da. Nor bere lekuan eserita egon denean, Zerutxuko dantza taldeko dantzariek irten dute ezpatak eskuan. Ohiturei jarraituz, urtean behin ikus daitekeen Xemeingo Ezpata Dantza dantzatu dute dantzariek. Ezpata dantzariek, maisu zaharrak eta ezpatatxinek ezpata motzak hartuta egin dute dantzan. Momenturik hunkigarriena maisu zaharra ezpata dantzariek ezpatak gurutzata egin duten parrilaren gainera igo dutenean izan da.
Ezpata Dantzaren ostean, urtero legez, Aurresku tradizionala eta beste hainbat pieza dantzatu dituzte. Ikuskizun zoragarria eskaini dute plazan batutako jendetzaren aurrean, eta bertaratu direnek gogoz txalotu dute dantza bakoitza.