Irurtzungo dantzariak eta Sugarri fanfarriak Kriskitinekin bat egingo dute aurtengo Folk Jaialdian

Durangoko Azokaren inguruan Kriskitin Dantza Taldeak antolatzen duen Folk Jaialdiak 21. edizioa beteko du zapatuan eta kulturartekotasuna sustatu nahi duen ekimenak Durangoko eta Nafarroako protagonistak izango ditu aurten.

Izan ere, talde antolatzaileaz gain herrikide den Sugarri fanfarria eta Nafarroako Irurtzun herritik gerturatuko den Orritz Iskidi Dantza Taldea izango dira eguerdiko 12:00etatik 14:00etara Durangoko kaleetan zehar.

Talde nafarrak 30 urte bete ditu aurten eta aurreko asteburuan urteurrenaren ospakizuna egin zuten, ekitaldian garai desberdinetako 90 dantzari inguru batu zirela. Hasieran Arakil Araneko Dantza Taldea bezala izendatu bazuten ere, gerora Orritz Dantza Taldea izena eman zioten.

Azken urteetan hainbat ekimen sortu dira Iskidi izena gehitu dioten Orritz taldearen barne, ‘zanpanzar’ eta bestelako pertsonaia mitikoak tarteko. Aurten, ardi latxa artalde batekin transhumantziaren eszenaratzea egin dute, taldearen helburua folklorea eta euskal kultura sustatzea baita.

http://www.durangon.com/irurtzungo-dantzariak-eta-sugarri-fanfarriak-kri...

durangon.com
3 Diciembre 2019