Durangoko Kriskitin dantza taldeak bere sorreraren 35. urteurrena ospatuko du bihar eta horretarako bi emanaldi eskainiko ditu San Agustin kultur gunean, 17:00etan lehena eta 19:30ean bigarrena. Jaialdiko ekitaldi bakoitzak ordu eta erdiko iraupena izango du.
Antzokiko agertokian 120 parte-hartzaile inguru azalduko dira, belaunaldi desberdinetako 100 dantzaritik gora eta 15 bat musikari arituko baitira. “Dantzarien artean Kriskitineko lehenengo taldeko partaide bat izango dugu, 70 urtetik gora dituena, eta gazteenak zazpi-zortzi urtekoa izango dira. Gainera, txistulariak, albokariak, dultzaineroak, trikitilariak eta soinujoleak izango dira”, Marisa Barrena taldeko kidearen esanetan.
Agerraldia osatzeko, Kriskitinen ibilbidean aurkeztutako ikuskizunen bat aukeratu beharrean, 35 urteko ibilbidean bildutako dantzak errepasatuko dituzte. “Guztira, Durangaldeko zein Nafarroako eta Arabako 20 dantza eskainiko ditugu”, zehaztu du Barrenak.
Urteurrena ospatzeko, dantza saio bat egitea pentsatu zuten, baina San Agustinek 320 ikusle-kopurua duenez, bi saio egitea erabaki zuten. Hala ere, aretoko eserleku guztiak bete ahal izango dira, dagoeneko 500 sarrera baino gehiago saldu dituztelako. Sarrerak 5 eurotan daude salgai.
Agerraldien ostean, ekitaldian parte-hartzailek afaria egingo dute, eta hor ere 100 lagunetik gora bilduko da.