Euskal folklorez jantzi dituzte erakusleihoak

Berton elkartearen laguntzagaz, herriko 40 saltokitan arropa, material eta musika tresna desberdinak ikusgai jarri ditu Alkartasuna Dantza Taldeak. Gero, Nestor Basterretxea aretoan jarriko dute erakusketa.

alkartasuna dantza taldearen erakusketa

Erakusleiho berezi eta desberdinak erakusten ari dira egunotan Bermeoko dendak. Manikiek ez ohiko soinekoak dauzkate soinean. Izan ere, Alkartasuna Dantza Taldearen ekimenez, Euskal Herriko folkorez jantzi dituzte Bermeoko dendetako erakusleihoak.

Maiatzaren 7tik 16ra bitartean Nestor Basterretxea aretoan jarriko dute erakusketa dantza taldekoek, hain zuzen ere, arropa, material eta musika tresnen erakusketa izango da. «Euskal Herriko folklorean hain errotuta dauden hainbat elementu erakusteko asmoa daukagu», diote dantza taldeko ordezkariek.

Erakusketan ikusgai egongo diren arropa, material zein musika tresna horiek, baina, lehenengo geldialdi bat aurkitu dute Bermeoko dendetako erakusleihoetan. Horietan astebete luzez egongo dira erakusten.
alkartasunadantza taldearen erakusketa
Proiektu hau aurrera eroateko, Berton Bermeoko txiki-erdi enpresen elkartea dute bidelagun. Hain zuzen ere, elkarteko kide diren 40 establezimendutako erakusleihoetan ikus daitezke material desberdinak. Alkartasunakoek uste dute erakusketa herrira gehiago zabaltzeko modu bat izan daitekeela. Garai hauetan herriko dendetan kontsumitzearen aldeko apustua egitea ere «garrantzitsua» dela uste dute. Ekimen zehatz honetan, Bertonek erakutsi duen borondatea eskertu dute.

Urte berezia. Denontzat ezagun diren kontuengatik, 2021 «urte berezia» izaten ari dela aipatu dute, bereziki, Alkartasuna Dantza Taldekoentzat, «berezia» dela aipatuta. Izan ere, aurten 45 urte betetzen dira taldea sortu zenetik, «hain urrun eta desberdin ikusten den 1976 hartatik».
Ospakizun «garrantzitsu» hori beste era batera ospatzea gustatuko litzaieke dantza taldeko kideei, «elkarrekin dantzatuz, herriari euren dantzak eta soinuak eskainita, urte hauetan guztietan taldeko parte izan direnekin elkartuz…». Gaur egungo egoerak, hala ere, «ez duela posible egiten» gogorarazi dute; «eta, ez dirudi, epe laburrean behintzat, posible izango denik».

Zenbait gauza egitea posible ez den arren, ez du esan gura taldea geldirik dagoenik, «ez eta zer ospatu ez dagoenik». Modu horretan, «egingarriak» diren neurrian, ekimen desberdinak martxan jarri dituzte, eta horretarako martxoaren amaieran jakinarazi zuten kultur jardueraz betetako aktibazio plan bat prestatu zutela, eta plan horren baitan dago maiatzaren 7tik 16ra Nestor Basterretxea aretoan ikusgai jarriko duten erakusketa ere.

Aktibazio plan horren bitartez taldeko kide izatearen sentimendua sendotzea dute helburu batetik; eta bestetik, herriarekiko eta bere ohiturak eta tradizioa zaintzeko duen konpromisoari heltzea.

Azken asteetan ume zein nagusiei zuzendutako tailerrak egin dituzte, bai eta sare sozialetan #munduadantzanlehiaketa ere.

https://busturialdea.hitza.eus/2021/04/28/euskal-folklorez-jantzi-dituzt...

hitza.eus
28 Abril 2021