Aurten ere ez da San Pedro jairik ospatuko Lekeition

San Pedro jaiak ezingo dira betiko moduan ospatu, baina ekintza batzuk egitea aurreikusi dute, segurtasun neurriak beteta.

Emakumeen Aurreskua San Pedro jaietan Lekeitioko plazan.

Aurten ere, lekeitiarrek ezin izango dituzte San Pedro jaiak ohi bezala ospatu. Gaur egun bermatu behar diren osasun neurriak kontuan hartuta eta lekeitiarren osasun ona bermatzeko, jaietako ospakizunak beti bezala ez egitea erabaki du Lekeitioko Udalak, Jai Batzordeagaz batu ondoren. “COVID-19ak sortutako pandemiak egoera zaila sortu zuen iazko urtean eta ondorioak oraindik ere irauten dute. Egungo egoera gutxika hobetzen badoa ere, oraindik normaltasunera bueltatzeko denbora geratzen da”, azaldu dute.

Jaiak betiko moduan egitea ezinezkoa bada ere, ekintza batzuk egitea posible dela esan dute. Horrela, iazko formatua jarraituz, ekintza batzuk antolatuko dituzte, “segurtasun neurriak hartuz eta aforo mugatuak errespetatuz”. Aurreratu dutenez, Kaxarranka, emakumeen aurreskua eta irrintzi txapelketa Abaroa Jauregiko lorategian egingo dira, aforo mugatuagaz eta bertara joateko sarrerak zozketa bidez lortu ahal izango dira.

Horiez gain, aurrerago zehaztuko dituzten beste ekitaldi batzuk ere egongo dira. Egitarau osoa, sarreren zozketa eta epeak ekainaren hasieran emango dituzte ezagutzera.

https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/2021/05/21/aurten-ere-ez-da-san-...

hitza.eus
21 Mayo 2021