Bizkaiko aratusteek berezko ezaugarriak dituzte: Mundakako atorrak eta laminak, Markinako hartza, Bilboko Farolin eta Zarambolas edota Durangoko surrandiak. Denak dira Garizuma aurreko jai sonatuaren protagonistak, eta prest daude datozen egunetan kale bazterrak festa giroz betetzeko.
Zihara Jainaga Larrinaga
Heldu dira inauteriak, dibertsioaren eta mozorroen sinonimo eta globalizazioaren adibide. Lekuak eta mozorroak ez dute axola, garrantzitsuena ongi pasatzea da. Kale eskeak, atorra zuriak eta laminak, eta oilar bat eskuan zutela kantuan zebiltzanen oinordekoak kalera aterako dira, besteak beste, datozen egunetan Bizkaian, inauteri edo aratusteak ospatzera. Negu gorriko iluntasunari “agur” esan eta udaberriko argia eta loratzea heldu diren seinalea dira aratusteak. Euskal kulturan basatoste eta kanporamartxo ere aipatzen dira, basoarekin eta lurrarekin lotutako neguko ospakizunekin zerikusia duten hitzak. Edo aratustea, hots, haragi eta uzte hitzen batura, antzina derrigorrez betetzeko ohitura inauteriak hurbildu eta Garizuma hastean.
Hala, aratuste garaian maskararen bidezko gizartearen intsektizazio orokorra gertatzen da. Mozorrotzen den gizarte orok berriztatzen du, alegoria moduan, intsektuaren bizitza. Aratusteak inausi garaian barneratzen du; garai horretan, mozorroek intsektuak ordezkatu eta etxeko atarietan azaltzen dira sariak eskatuz. Aratusteetan horrenbeste agertzen den sua (eta kea), intsektu-erako gizarte oldarkor honetatik babesteko baliabidea litzateke.
ABANTO. Intsektu artean
Bizkaiko meatzaldeko herri eta auzoetan sua eta kea dira landa inauteri zaharretako protagonistak. Tradizio hori berreskuratzeko Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldeak inauteri jakin batzuk antzezten ditu. Horietan, historia eta mitologia uztartuz, tokiko euskal tradizioko pertsonaia bitxiak kalez kale ibiltzen dira: bizkarbaltza, hartza, zangaluzea, artauntxoa eta sorgin babesleak edo mozorroak.
1998. urtetik ospatzen dute Abanton izaera tradizionaleko aratustea. Hala, inausketak egiteko garaian murgilduko da herri osoa bihar. Mozorrotutako herritarrek intsektuak irudikatuko dituzte, eta intsektuok goizean etxez etxe eta dendaz denda ibiliko dira, janari eske, musika joz, zaku dantza edota zahagi dantza dantzatuz, eta zarata ateraz. Antzezpen horren bidez irudikatuko dute intsektuek jaso dutela dagokien ordainsaria. Beraz, udako beroaldiak iristean eta intsektuak aktiboen daudenean, ezingo dute dagoeneko jasoa duten ordainsariaren eskean itzuli. Eguerdian, bazkaria egingo dute eskean lortutakoa partekatuz, eta arratsaldean, pertsonaia guztiek desfilea egingo dute, gainontzeko herritarren artean sartuz.
ARTEAGA. Kokomarroen berpiztea
Herriko adinekoei ume sasoiko aratusteez galdetuz, herriko lagun talde batek lozorrotik esnatu zituen duela bi urte Arratiako Arteagako aratusteetako pertsonaiak: kokomarroak. Eta erritua berpiztu dute. Hala, gaur, aratusteetako ostiralez, ikusi ahalko dira kokomarroak herrian. 19:00etan aterako dira Arteagako kultur etxetik. Kalejira egingo dute, plazan dantza pare bat, eta, amaitzeko, panpina erreko dute Infanteko landan, epaia irakurri ondoren. Ospakizunak jendearen beharrizanak asetzeko eta errituen bidez komunitateko kideak batzeko helburua du.
BILBO. Hiria koloreztatzera
Joan den asteburuan murgildu ziren aratusteetan Bizkaiko hiriburuko zenbait auzotan. Tradizio handia dute inauteriek hirian, Bilboko Konpartsak horiek mantentzen saiatzen dira, eta gaur egun handia dute. 1980ko hamarkadako mozorroak jantzi, eta Farolin eta Zarambolasen aurkako epaiketa egingo dute 19:30ean, Plaza Barrian. Ylenia Baglietto eta Lander Otaola aktoreak dira aurtengo Farolin eta Zarambolas. Gaur egun Bilboko inauterietan ezinbestekoa den ekintza hau 1984an sortu zen landa giroko Aratuste tradizionalen oroigarri gisa, umore kutsu pittin bat emateko xedez, Bilboko izaera arketipikoa irudikatuz: gaizkileak epaitu eta kondenatu egiten ziren garai bateko inauterietan.
Bihar, aratusteen egun nagusian, 19:30ean hasiko da kalejira Plaza Biribiletik, Zazpikaleetan barrena. Horrez gain, 12:00etatik 19:30era bitartean, hainbat jarduera antolatu dituzte Bilboko konpartsek eta udalak elkarlanean: umeentzako tailerrak, antzerkiak, ikuskizunak, nekazarien azoka, kontzertuak, erraldoiak, fanfarreak, gaiteroak, herri bazkaria eta mozorro lehiaketa, besteak beste. Igandean indaba lehiaketa egingo dute, Plaza Barriko karpan, eta asteartean emango diete bukaera ospakizunei, sardina erreta.
DURANGO. Surrandiei jarraika
Durangoko aratusteak ez dira atzo goizekoak. Lehenengo aipamen ezagunak XVII. mendekoak dira. Aratusteetako bereizgarri nagusia, berriz, Surrandien konpartsa da. Pertsonaiaren jatorriaren zehaztasunik ez dagoen arren, funtsean badauka antzik beste inauteri batzuetan ikusten diren pertsonaien janzkera eta rolarekin: abarkak, animalia irudikatzeak eta, batez ere, gehiegikeriekin.
1936ko gerrostean surrandiak zein hartza lozorroan izan ziren luzaroan, harik eta ekintzaile batzuk berreskuratze lanetan hasi arte. Kurutziaga ikastola izan zen aitzindaria. Harrezkero, surrandiak eta hartza berriro ikus daitezke Durangon kalerik kale aratusteetako zapatuz. Bihar 12:00etan triki-poteoa egingo dute eta arratsalderako Surrandi konpartsaren irteera antolatu dute, hartza lagun dutela.
MARKINA-XEMEIN. Hartza eta zahagi dantza
Lea-Artibai eskualdean, Markina-Xemeinen, inauterietako domeka eguerdian, Zerutxu dantza taldeko zortzi dantzari eta zahagi batek antzinako Zahagi dantza saioa eskaintzen dute kalerik kale. Euren aurretik, data hauetan falta ez den pertsonaia ere izaten da zaintzaile batekin: hartza. Hartz iletsua inguruko jendea beldurtzen saiatzen da panderoaren erritmoan dantzatuz. Dantza saioaz gain, etzi, herriko kuadrillak kalejiran aterako dira herriko txoko guztiak musika eta kolorez janztera. Ostean, Abarka antzerki taldeak antzara jokoa irudikatuko du zelaian zaldi gainean.
MUNDAKA. Atorrak eta laminak
Mundakan Bizkaiko tradizio bitxienetako bat ospatzen da. Atorrek eta laminek herriko kaleak zeharkatzen dituzte bakoitzak bere aldetik. Mundakako aratusteak inaute igandean ospatzen dira, bereziki. Goizean herriko gizon eta mutil gazteak, atorrak, kalez kale ibiltzen dira musika jotzen. Iluntzean, andreen txanda izaten da: laminena. Atorrek beren janzkera bitxiari zor diete izena, Mundakako inauterietako ikur: blusa zuria eta galtza zuriak janzten dituzte gona batek estalita, eta buruan zapi gorria eramaten dute burkoaren azalarekin eta aurpegian bibotea margotuta.
Ospakizuna Jose Maria Egileorren etxe parean hasten da eguerdian, eta, portuan, aratusteei propio konposatutako abesti bat kantatzen dute, aurreko urteetako kantuekin batera. Kaleetan, Aratuste zara, Aratuste, mundakarrentzat egun obarik ez leloak ez du hutsik egiten. Bitartean, atorrak olgetan ibiltzen dira eta azpikerian, sukaldeetako balkoietan gora ibiliz, inauterietako jaki ospetsuak lapurtzen dituzte. Arratsaldean, lamiek bat egiten dute festarekin kantu eta umore onez jendea alaitzeko, jantzi beltzekin, aurpegia eta ileordea zuri, eta, Lamiarango sorginen modura, makillatuta ateratzen dira.
TRAPAGARAN. Carrascoliendasen itzulera
Trapagaranen, inauterietako larunbatean, gerra aurretik egin ohi zen inauteria ospatzen hasi ziren duela urte gutxi. Herriko zaharrak elkarrizketatuz berreskuratu dute gazteek lehengo ohitura zaharra, Francoren diktaduraren debekuaren ondorioz desagertu zena. Inauteri zaharrak Las Carrascoliendas deitzen ziren. Inauterietako ostegunean janari eskean ibitzen ziren, etxez etxe, oilar bat eskuan zutelarik. Kantuak oilar beltzaren istorioa izaten zuen ardatz eta unean uneko kontuak edo arazoak ere kopletan abesten zituzten.
Carrascoliendas berrietan, gaur egun, larunbatean ateratzen dira kantuan kalera gurasoak eta haurrak. Hala, bihar, auzoz auzo ibiliko dira, Abantotik joango zaien txaranga batekin, dantza, kantu zahar, bertso, jan eta edanean. Auzoetako bizilagunek eskainitako puskekin beteko dituzte sabelak. Horrez gain, Trapagarango inauteri dantza sortu dute Euskal Herriko hainbat herritako dantzen pausoak hartuz, eta hura ere dantzatuko dute.
https://bizkaia.hitza.eus/2023/02/17/udaberriko-argiaren-iritsiera/?fbcl...