Ezpatadantzari Eguna zapatuan izango da, 17:30etatik aurrera. Guztira, eskualdeko 6 herritako 10 dantza taldek parte hartuko dute.
Eskualdeko dantzari batzuk Gerediaga Elkartearen laguntzagaz Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna berreskuratu dute. "Talde desberdinetako kideak batu ginen eta ikusi genuen dantzari-dantzaren egoera ez zela onena. Gerediagari laguntza eskatzea erabaki genuen eta zapatu honetan Ezpatadantzari Eguna ospatuko dugu Abadiñon", azaldu du Unai Esturo Iurretako dantzariak. Nerea Mujika Gerediagako presidenteak, berriz, Gerediagak ekitaldi hau antolatzeko dituen baliabide guztiak jarri dituela gaineratu du.
Ezpatadantari Eguneko anfitrioia Abadiñoko Talde Batuak taldea izango da. 2020an 50 urte bete zituen taldeak, baina pandemiak bete-betean harrapatu zituen eta ezin izan zuten ospatu. Hori horrela, Ezpatadantzari Eguna, bertan ospatzea erabaki dute. Hori horrela, zapatukoa, taldearen ospakizunaren zati bat izango dela gaineratu dute: 50 +3.
Abadiñoko Talde Batuak taldeko bi taldeez gain, eskualdeko beste zortzi taldek ere parte hartuko dute: Berrizko Iremiñe eta San Lorentzok, Durangoko Kriskitinek, Tronperrik eta Txoritxu Alaik, Iurretako dantzariak, Mallabiko Gazte Alaik eta Zornotzako Udabarrik.
Eguneko egitarauari dagokionez, arratsaldeko 17:30ean emango diote hasiera ospakizunari. San Trokaz plazatik kalejiran irten eta Probaleku aurreko parkinerako bidea egingo dute dantzariek. Bertan, Dantzari-Dantzako 9 dantzak dantzatuko dituzte. Amaieran, soka-dantza eta erregelak egingo dira. Egunari amaiera emateko, 20:30etatik aurrera, Oxabi taldearekin poteo musikatua egingo da tabernaz taberna.
Dantzariek, Gerediaga Elkarteko kideek eta Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak eskualde osoko herritarrei bertaratzeko gonbidapena luzatu diete.
https://anboto.org/abadino/1695033622477-zapatu-honetan-durangaldeko-ezp...