
Iaz Euskal Herriko Dantza Agerketaren 50. urteurrena izan zen // Geuria
Iraileko hirugarren asteburuari helduko diogu gaur. Eta horrek esan nahi du Basaurin euskal folklorearen aldeko hitzordu garrantzitsua izango dela. Zehazki, Euskal herriko Dantza Agerketaren 51. edizioa izango da gaurtik igandera arte (irailak 15-17).
Aurten bost talde autoktonok hartuko dute parte ekitaldi nagusian, irailaren 16an (larunbata): Deustuko Andreak (Deustu, Bizkaia), Eltziegoko Dantza Taldea (Eltziego, Araba), Kezka (Eibar, Gipuzkoa), Aurrera (Leitza, Nafarroa) eta Ondalan Erraldoien Konpartsa (Deustu, Bizkaia).
Antolakuntzatik nabarmendu dutenez, eibartarren lehen aldia da: “Eibarko Kezka taldeak lehen aldiz hartuko du parte Euskal Herriko Dantza Agerketan, irailaren 8an Santutegian dantzatzen dituzten Arrateko Ama Birjinaren omenezko dantzak eskainiz. Arrateko erromeriara hainbat lekutatik etorritako jendea bildu izan da beti, bai Bizkaitik, bai Gipuzkoatik. Irailaren 8ko ospakizunetan egindako dantzak tradizio bat izan dira aspaldidanik, eta horiek indartzeko asmoz, 2005ean Kezka taldeak Arrateko dantzen errepertorioa osatu zuen Ezpata-dantza eta trokeo-dantzarekin”, diote.
Era berean, aipatzekoa da aurten ez dela Iparraldeko talderik izango Basaurin, “agenda kontuengatik”.
Ekitaldiak Social Antzokian
Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeak, Euskal Herriko Dantza Agerketaren antolatzaileak, urtero daude eguraldiari so. Ohikoa denez, dantza autoktonoen erakustaldia kalean izaten da, Bizkotxalde parkean, baina litekeena da euria egitea asteburuan, hortaz, Social Antzokian izango dira larunbateko zein igandeko ekitaldiak.
Euskal Herriko Dantza Agerketa 2023
Irailak 15, ostirala
18:30 Tailerrak Social Antzokian: erraldoiak, txapak, marrazkiak margotzea, zapiak jartzea eta birziklatzeko objektuak erabiliz tresnak egitea
18:30 Txorizo dastaketa sagardoarekin Solobarria plazan
19:00 Herri erromeria Solobarria plazan: “Parte har dezakezu, nahiz eta dantzan jakin ez”
Irailak 16, larunbata
18:00 Euskal Herriko talde autoktonoen kalejira Social Antzokitik
19:00 Ekitaldi nagusia Social Antzokian (sarrera doan)
Irailak 17, igandea
19:00 Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeen ikuskizuna Social Antzokian (sarrera doan)
https://geuria.eus/herriak/basauri/basauri-euskal-herriko-dantza-agerket...