Otsailak 9, ostirala Astrabuduan
- 19:30 - Kalejira Josu Murueta plazatik
- 20:00 "Dantzxori: Gure Aratusteak" Mendiguren plazan
- 22:30 - Erromeria Akerbeltz taldearekin
Euskal Herri osoko aratuste herrikoiak gure udalerrian antzezten urte asko eman ondoren, Erandion berezkorik ez genuela ikusi genuen, eta ordezkatuko gintuen inauteri baten bila ikerketa neketsua egin eta gero, Trabudu Dantzari Taldeak “Dantzxori-Gure Aratusteak” sortzea erabaki zuen.
Musika, dantzak eta antzezlan txiki bat sortu eta, 2018ko inauterietan, Dantzxori-Gure Aratusteak eman zen lehen aldiz Mendiguren plazan. Inauteri horretako protagonistak hegaztiak dira. Ezin zen bestela izan, Erandio, geografikoki, Txorierriko haranean kokatuta baitago. Emanaldia urtero negu gorritik babestera etorritako hainbat hegazti-espezie hartzenm dituen gure hezegunean girotuta dago.
Kina, hemendik igarotzen ari den hegabera; Basandere, Kina gidatuko duen hezeguneko andrea; Jentilak, Druidak eta Sorginak... Pertsonaia horiek lurra sendatzen saiatuko dira lozorrotik iratzar dadin, beren botere, dantza eta musiken bidez; eta bizipoza itzuliko diote hezeguneari, beste zenbait pertsonaiekin batera: Lertxuntxo, ingurumena adierazten duena; Txindorra, euskararen ikurra; eta Dantzxori, tradizioaren, jaiaren eta alaitasunaren ordezkaria.
Dantzxori-Gure Aratusteak inauteriak gure adinekoen jakituriarenganako begirunea adierazten du, eta baita ereitearen, hazkuntzaren, fruitua biltzearen eta ondo merezitako atsedenaren sasoiarenganakoa ere. Ingurumenarenganako, euskararenganako eta gure tradizioenganako begirunea.