2024/09/18 Maider Ibañez Espinosa
Irailaren 20tik 22ra bitartean izango da Euskal Herriko Dantza Agerketa Basaurin. Aurtengoa 52. edizioa da eta Oñatz Dantza Taldea (Oñati, Gipuzkoa), Oinak Arin (Beskoitze, Lapurdi), Beti Jai Alai (Bilbo, Bizkaia), Txibiri Dantza Taldea (Erriberri, Nafarroa) eta Biasteriko Katximorroak (Guardia, Araba) taldeak bertaratuko dira.
Euskal Herriko taldeen emanaldia irailaren 21ean, larunbatez, izango da Bizkotxalde parkean, 19:00etan. Aurretik, 18:00etan, kalejira egingo dute Social Antzokitik, eta tartean emanaldi txikiak eskainiko dituzte Basauriko kaleetan. Euria bada, emanaldia Social Antzokian izango da 19:00etan.
Aurreko urteetan bezala, ostiralean haurrentzako tailerrak eta herri erromeria izango dira Solobarria plazan 18:30etik aurrera. “Herritar guztien parte-hartzea errazteko pentsatuta dago jarduera hau. Dantzan ikasteko aukera bikaina da”, diote. Aurten, gainera, berezia izango da erromeria omenaldia egingo diotelako abenduan hil zen Igor Diaz Camarari, Deustuko Ondalan Erraldoi Konpartsaren sortzaileetako bat.
Igandeko ikuskizuna Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek eskainiko dute ohi bezala. Bizkotxaldeko parkean izango da 19:00etan (euria bada, Social Antzokian).
Egitaraua / Euskal Herriko LII. Dantza Agerketa
Irailak 20, ostirala
18:30 Haurrentzako tailerrak Solobarriako karpan: erraldoiak, txapak, marrazkiak, musika tresnak egitea… Gainera, buruko zapiak jartzeko tailerra ere izango da nagusientzat
19:00 Guztiontzako erromeria Solobarriako karpan
Irailak 21, larunbata
18:00 Gonbidatutako taldeen kalejira Social Antzokitik
19:00 Euskal Herriko LII. Dantza Agerketa Bizkotxalde parkean. Euria bada, Social Antzokian
Irailak 22, igandea
19:00 Basauriko dantza taldeen emanaldia Bizkotxalden: Agintzari, Basauritar eta Edurre. Euria bada, Social Antzokian
https://geuria.eus/herriak/basauri/basauri-euskal-herriko-dantza-agerket...