Bizkaiko emakume dantzariak Durangon elkartuko dira

Neskak izango dira protagonistakEhundik gora emakume dantzari elkartuko dira bihar Durangoko Ezkurdi plazan. Tronperri eta Txoritxu Alai dantza taldeek antolaturik, Bizkaiko Emakume Dantzarien erakustaldia eskainiko dute arratsaldeko 18.00etan.

Ikuskizunean Durangaldeko neska taldeek parte hartuko dute gehienbat. Hala ere, Bilbo eta Sestaoko neska taldeak ere hurreratuko dira Durangora.

Ospakizuna mugikorra izateko asmoarekin jaio dela azaldu dute antolatzaileek “beste herri batzuetan ere ikus eta goza dezaten”.
Agerraldiak aldarrikapen kutsu bat ere izango du “nesken dantzak gutxietsiak izan direlako historikoki Bizkaian”.

“Ospakizunaren protagonistak neskak izango dira, dantza taldeetan egiten dute lana onartzeko eta gure esker ona adierazteko. Baina argi geratu behar da baita ere, ez doala inoren aurka; alderantziz, zaindu eta mantendu egin behar dira gizonezkoen dantzak (dantzari dantza eta abar luze bat) gure kulturaren altxor bat direlako eta gure betebeharra da horrela izan dadila aurrerantzean ere”, aurreratu dute.

Izan ere, ekintzan bertan nesken dantzak ikusi ahal izango dira batik bat, baina dantzatuko dira beste batzuk mutilekin batera.

durangon.com
8 Noviembre 2013