Bizkaiko metalaren dantza soinua

Tresna bera sortzeko erabiltzen den materialak egiten du berezi Bizkaiko dultzaina. "Espainiako Estatu osoan zabalduta dago, baina leku guztietan zurezkoa izaten da. Gurean, berriz, metalezkoa", azaldu du Juanma Oribek. Barakaldoko Lutxanako Dultzaina Tailer-Eskolako kidea da. Duela 25 urte hasi ziren beharrean, eta egunotan urteurren hori ospatzen ari dira.

Flauta baten pareko tresna dela dio, baina "tximinia formakoa": "Goiko partea estuagoa dauka, ahokoa jartzeko". Egiteko erabili izan den materialak soinuan ere eragina duela dio: "Gure dultzainena karrankariagoa edo negartiagoa da, egurrez egindakoena baino". Gainera, jotzeko modua ezberdina da Bizkaian. Oribek azaldu duenez, beste herrialdeetan bikoteka jotzeko ohitura dago. Bizkaiko dultzaina jotzaileak, berriz, banaka ibili izan dira beti. Beste musika tresna batzuekin ere jo izan dela dio Oribek. "Guk albokarekin-eta sarri jotzen dugu". Haren esanetan, edozein musika tresnarekin eta edozein musika taldetan dauka lekua Bizkaiko dultzainak.

Bizkaian erromeriatan erabili izan da. "Dantza girotzea izan da dultzainaren funtzioa". Jotzaileek musika ezagutzak zituzten, ez ziren euren kasa tresna jotzen ikasi zutenak. Partitura zaharrak gaur egunera iritsi dira; hortaz, jotzaileek bazekiten irakurtzen.

Txistulariak normalean udal langileak izan ohi ziren. Dultzaina jotzaileak, berriz, ez. "Udalari ordaindu behar izaten zioten, erromeria antolatzeko baimena jasotzearen truke. Eta gero dantzaldian parte hartzen zuten gizon-emakumeek musikariari ordaintzen zioten".

Dultzaina noiz hedatu zen ezagutu ez arren, Oribek dio lehen dokumentuek XVIII. mendean aipatzen dutela. "Arratian, Barakaldo inguruan, Enkarterri osoan... Bizkaiko hainbat eskualdetan oso zabalduta zegoen haren erabilera. Badakigu, era berean, asko eta asko Durangon egiten zirela". Azaldu duenez, jatorriz Ipar Euskal Herrikoak ziren galdaragileak bizi ziren herrian: Pradere anaiak. Galdarez gain, euren sasoiko musikari askok erabili zituzten metalezko dultzainak ere egin zituzten.

Bi hamarkadaz, isilik

XX. mendearen lehen erdian, indartsu zegoen Barakaldon. Garai hartako sei jotzaile garrantzitsu aipatu ditu Oribek: Arrati, Ibarretxe, Lukas Saiz Burtzeñakoa, Isidro Montalban Pinokoa, Cuadrado Montalban eta Bakio Lutxanakoa. Herri bakarrean, bada, hainbat musikari zituzten aldi berean. Haiek utzi edo hiltzearekin batera, aro bat bukatu zen. "Gutxi gorabehera, 1960ko hamarkadan hasi zen dultzainaren gainbehera Bizkaian".

Dena den, gaur egun indartsu dagoela ohartarazi du. "1980ko hamarkadan, berreskuratzen hasi zen. Orain, edozein herritan entzun dezakegu, edozein kalejiratan. Sarri entzuten da dultzaina Bizkaian. Erromeriarik ez dago; ohitura hori aspaldi galdu zen", azaldu du egungo egoera.

Indarberritze aro horretan sortu zuten Barakaldon Lutxanako eskola ere. "1980ko hamarkadaren hasieran ekin genion lanari, baina erakundea 1988an egin genuen ofizial. Hortik aurrera, eskolak eman ditugu gaur egunera arte". Argitu du euren eskolak ez direla ofizialak. "Jendea etortzen da jotzera, eta guk irakasten diegu. Dultzaina jotzen eta partiturak irakurtzen ikasten dute. Baina ez gara musika eskola bat".

Gaur egun Bizkaian bereziki egurrezko dultzaina erabiltzen dela dio, Nafarroakoa. Bizkaiko berezkoa, metalezkoa, berriz, oraindik ere nahiko urria dela iruditzen zaio.

http://bizkaia.hitza.info/2013/12/13/bizkaiko-metalaren-dantza-soinua/

hitza.info
13 Diciembre 2013