50. urteurrena ere dantzan

Foruko Urdaibai dantza taldeak 50. urteurrena ospatuko du aurten, eta horren berri emateko aurkezpen ekitaldia egin zuten domekan, taldekide direnekin eta taldeko kide izan direnekin.

Mende erdi bat dantzan. 50. urteurrena ospatuko du aurten Foruko Urdaibai dantza taldeak, eta bost hamarkadak laburbiltzen dituen leloa izango da urte honetako ekitaldietako goiburua: Herri bat dantzan. Azken 50 urteetan Foruko herritar izan diren gehienak dantza taldeko kideak izan direla esan du taldeko kide Oihane Irazabalek, eta horretan oinarrituta sortu dute urteurrenerako lema.
Urtarrilean hasi, eta abendura bitartean 50 urteak ospatzeko ekitaldiak egingo ditu Urdaibai dantza taldeak. Urtemugaren aurkezpen ekitaldia domekan egin zuten, gaur egun taldeko dantzari direnekin eta dantzari izan direnekin. Bertan, urteurrenari begira taldeak dituen asmoen berri eman zizkieten bertan bildutakoei. Horrez gain, azken 50 urteak laburbiltzen dituen bideoa ikusteko aukera ere izan zuten foruarrek. Talde argazkia ere atera zuten, futbol zelaian.

Urdaibaik 50. urteurrena ospatuko du

Ekitaldi nagusia uztailean. Izan ere, Irazabalek esan bezala, «Urdaibain dantza egin edo taldeko parte izan diren denekin ospatu gura dugu urteurrena, baina baita Foruko herritarrekin ere, taldeak egiten duen dena herriarentzat egiten du-eta».
Hilero egingo dute ekitaldiren bat edo gehiago, baina urteurren ekitaldi nagusia uztailaren 20an izango dela zehaztu du Irazabalek, herriko festen bezperatan. Zehatz-mehatz zer egingo duten ez dakite oraindik, baina Urdaibaitik pasatu diren denek parte hartzea da taldearen asmoa.
Uztaileko jaialdia prestatu bitartean, baina, beste hainbat hitzordu izango dituzte foruarrek, eta hurrengoa inauterietan izango da. Lantzeko inauteriak prestatu nahi dituzte aurten, aratusteetan Foruko kaleetatik dantza egiteko. Ekitaldi horretarako ere dantza taldeko kide izan diren denei zein herritarrei egin nahi diete gonbidapena; Irazabalek esan bezala, herritar denek izango dute herriko kaleetan dantza egiteko aukera.
Urdaibairen ardoa. Urteurrenak bereziak izaten dira, eta Foruko Urdaibai dantza taldearen berezitasunetako bat euren izena daraman ardoarena da. Eltziegoko bodega batekin elkarlanean, Urdaibairen etiketadun ardoa atera dute, taldeko kide edo kide ohi direnengan pentsatuta. Ardoa erosi gura duenak urteurren ekitaldietan eskaerak egiteko aukera izango duela aipatu du Irazabalek.
Ardo botilez gain, urteurren honetarako diseinatutako kamisetak ere egin ditu Urdaibai Dantza Taldeak. Horiek ere urteurrena dela-eta herrian egingo dituzten ekitaldietan erosi edo eskatu ahal izango direla azaldu dute dantza taldeko kideek.

http://busturialdea.hitza.eus/2019/01/23/50-urteurrena-ere-dantzan/?fbcl...

hitza.eus
Asteazkena, Urtarrila 23, 2019