Juanan Aromaren liburuaren aurkezpenarekin hasiko da Elorrion 64. Durangaldeko Txistulari Eguna

1956-2015TxistuHotsakDurangaldeanDurangaldeko Txistulari Eguna San Jose jaiegunaren inguruan ospatzen da 1956. urtetik eskualdeko herrietan txandaka, eta aurten egingo den 64. edizioa martxoaren 23an eta 24an izango da Elorrion. Ohikoa bada ospakizuna egun bakarrean egitea, aurten zapaturako eta domekarako egitaraua prestatu dute Jaizale Txistulari Elkarteko kideek.

Aurtengo egitarauan tartekatutako berrikuntza Juanan Aromak egindako ‘1956-2015. Txistu Hotsak Durangaldean. Durangaldeko Txistulari Eguna’ liburuaren aurkezpena izango da. Agerraldia zapatuan izango da, iluntzeko 19:00etan Arriola Antzokiko ateneoan, eta ekitaldian liburuan agertzen diren argazkien, egitarauen eta bestelako informazioaren berri emango du egileak.

Saioa borobiltzeko Araba Txistu Bandaren kontzertua egongo da. Musika laukote honek Jose Luis Cantabrana txistu lehena eta zuzendaria, Iker Larrauri bigarren txistua, Christian Alemany silbotea eta Gorka Saez de Ibarra perkusiolaria batzen ditu.

Domekako kontzertua

Domekan egingo den 64. Durangaldeko Txistulari Eguna goizeko 10:00etan abiatuko den kalejirarekin hasiko da. Eguerdiko 13:00etan berriz, Eleder Iturrietak zuzendutako kontzertua eskainiko dute Jaizaleko txistulariek, Berriotxoa abesbatzarekin eta metal boskotearekin batera.

Agerraldiko egitaraua Isidro Ansorenaren ‘Ollagorra’ piezaren hasiko da eta ondoren Pablo Sorozabalen ‘Zortziko de las bateleras’, Sabin Alonsoren ‘Elorrioko Danborrada’, Victor Zubizarretaren ‘Txitulariak’ eta Xabier Zabalaren ‘En mi viejo San Juan’ eta ‘Jose Migelen batela’, eskainiko dituzte.

Saioa borobiltzeko Isidro Ansorenaren ‘Asierak’ (bariazioak) eta Xabier Zabalaren ‘Oskorriren potpourria’, ‘Txantxibiri’ pieza ezaguna tartekatzen duen ‘Abestien potpourria’ eta ‘Biribilketen potpourria’ joko dituzte.

ArabaTxistuBanda

http://www.durangon.com/juanan-aromak-egindako-liburuaren-aurkezpenareki...

durangon.com
Osteguna, Martxoa 21, 2019