“Garrantzitsua da dantzari gazteek jakitea normaltasunez egin duten aldaketa horren atzean zer dagoen”

Tradizioa etenik bako aldaketa prozesu bat da. Hala ere, badira momentuko tradizioa mugiezintzat hartzen dituztenak. Dantza munduan, tradizioaren leihoak parekidetasunaren alde zabaldu dituzte hainbat herritan. 'Jantzari' dokumentalak gai honen inguruko gogoeta mahaigaineratzen du dantza aitzakia hartuta. Unai Esturo Iurretako dantza taldeko kidea dokumentaleko produktorea izan da, ANBOTOko Jone Guenetxea zuzendaria, eta Bideografikeko Xabi Zabala errealizadorea.

Zein sentsazio duzue?
Jone Guenetxea:
Martxoaren 26ko aurkezpenak ikusmin handia piztu zuen arren, bertan behera utzi behar izan genuen COVID19-aren eraginez. Zalantza genuen egoera honetan aurkezpena egin ahalko genuen, eta eginda ere, jendeak ikusteko gogoa izango zuen.
Xabi Zabala: Alde horretatik, oso eskertuta gaude jai batzordeak udazkeneko egitarauan aurkezpena egiteko aukera eman digulako.
Unai Esturo: Sarreren banaketa oso ondo doa eta nabaritzen da jendeak dokumentala ikusteko gogoa duela. 

Iurretako plazak badu bere balio sinbolikoa aurkezpenerako.
X.Z. :
Jakina. Leku magikoa da aurkezpena bertan egiteko. Gainera, kontuan izan dokumentaleko zati bat iazko Urrijenan grabatuta dagoela, eta urtebete geroago sasoi horretan leku berean aurkeztuko dugu.

Tradizioa eta parekidetasuna. Leku guztietan ez dira elkarren eskutik joan.
J.G. :
Iurretaren kasuan, dokumentaleko parte-hartzailerik gazteenek esaten zuten ezpatadantzari legez normaltasunez irten zutela plazara 2018an lehenengoz. Egia da normaltasunez gertatu zela, baina ez berez. Dantza munduan, hainbat taldek eta pertsonek lan handia egin dute parekidetasunaren alde. Iurretan bertan ere bai. Beti ez da horrela izan.
U.E. : Gu ez gara Dantzari Dantzan talde parekidea sortzen duen lehenengo taldea. Alde horretatik, ez gara aitzindariak izan. Jende askok herri askotan lan handia egin du eta aurretik emanda zuten pauso hori. 

Iurretako dantza taldearen historia kontatzen duzue.
J.G. :
Bai, talde parekiderako bidea zelan egin den azaltzen da. Genero ikuspuntutik dantza taldearen inguruko ibilbide horren errelato bat egin dugu. Hori da gidoi aldetik gehien arduratzen nauena. Belaunaldi askotako emakume eta gizonak agertzen dira. Gura nuke kontatzen den diskurtso orokor horretan denek euren burua islatuta ikustea. Kontatzen den horregaz identifikatzea.

Ez da erraza izango.
J.G.:
Baina gogoetarako lan bat bada, uste dut autokritikatik eta zintzotasunetik ere kontatu behar direla gauzak, beti ere inor mindu barik.

Miren Bikandiren berbak inoiz baino ozenago entzungo dira Iurretako plazan.
U.E. :
Konfinamendu hasieran joan zitzaigun Miren, eta berarentzat omenaldi polita izango dela uste dugu.

Miren ezagutzen ez duenarentzat, zein ekarpen egin zien Iurretako dantzei?
U.E. :
Miren Bikandi Juan dantzari-maisuaren alaba zen. Aitak erakusten zien mutikoen taldeko entseguetan ikasi zuen Mirenek dantzan. Plazara sekula ere irten barik, jakina. Aita nagusia zenean, Erregelak berreskuratu guran Juanengana joan ziren, baina gurpildun aulkian zegoen. Mirenek erakutsi zizkien pausoak. Istorio hau ez da hain ezaguna izan orain arte, eta garrantzitsua da aintzat hartu eta merezi duen errekonozimendua egitea.
J.G.: Gainera, garrantzitsua da dantzari gazteek jakitea normaltasunez egin duten aldaketa horren atzean zer dagoen. Orain urte batzuk emakume batek debekatuta zuen ezpatadantzari izatea.

Dokumentala ikusi dutenek diotenez, irudi aldetik zoragarria da.
X.Z. :
Ikusle legez plaza honetara dantzariak ikustera nentorren bakoitzean dantzariak ondo grabatzeko gogoa izaten nuen. Bada, dokumental honetan hori lortu dugula esango nuke. Urrijenako dantzak bost kameragaz grabatu genituen. Bestalde, dantzaren sinbologia guztia iruditan jasotzen ahalegindu gara.

https://anboto.org/iurreta/1602226938634-garrantzitsua-da-dantzari-gazte...

Anboto
Ostirala, Urria 9, 2020