Asier Bilbao: "Esan genezake gaur egun sozialki diskotekek egiten dutena erromeriek egiten zutela garai haietan"

Artxiboko irudia. © ITXARTU

Frankismo garaiko erromeriak zelakoak ziren erakutsi gura die gaur egungo gazteei Getxoko Itxartu dantza-taldeak. Horretarako, garai hartako hainbat protagonista gonbidatu eta mahai-inguru bat antolatu du biharko, eguaztenerako, Muxikebarri Antzokian, "Jota eta erromeria Uribe Kostan" izenburupean. Hitzordua 19:00etan jarri dute, eta sarrera doakoa izango da, gonbidapenez. Hala ere, Asier Bilbao Itxartu taldeko kideak HIRUKAri azaldu dionez, egunean bertan ere sarrera eskatu ahal izango da, leihatilan. Baina, zelakoak ziren garai hartako erromeriak eta dantzak? Galdera horri eta gehiagori erantzun digu Bilbaok.

Hasteko, zer dantzatzen zen aspaldiko erromerietan?

Kasu honetan, Frankismo garaiko erromeriez ari gara, eta ulertu beharra dugu garai hartan muga batzuk egoten zirela. Orduan, ohiko erromerietan, herrietako jaietan egoten zirenak, egiten ziren baile "al agarrado" esaten zirenak; hau da, pasodobleak, valsak eta halakoak. Hala ere, leku batzuetan jota eta arin-arina egiten zuten azkenengo dantza, erromeria zarratzeko.

Hala ere, baziren erromeria "espontaneoagoak", hala nola Gernikan eta Bizkargin egiten zirenak; halakoetan, gazteek euren erromeriak egiten zituzten, edozein kontrolpetik kanpo. Hala, horietan bai egiten ziren biribilketak, jotak eta arin-arinak lasai, poliziaren, grisen eta elizaren zaintzapetik kanpo.

Non ospatzen ziren erromeriak gure inguruan?

Algortan, San Nikolas plazan; egiten ziren Berangon, Erandion partean, Loiun asko, Plentzian ere, Gatikan, Mungian…. Herri gehienetan egiten ziren; izan ere, askok esaten ziguten garai haietan erromeriak zirela “algo imprescindible”. Beraz, jai denetan erromeria egon behar zen.  

Zer motatako jendeak parte hartzen zuen jai horietan?

Herriko jendeak. Normalean, kuadrillak joaten ziren, neskak eta mutilak. Pentsa, gaur egun diskoteketan dagoena, ligoteoa eta hori, orduan ez zen egoten, eta horretarako joan behar zen erromerietara, gustatzen zitzaizun neska edo mutila ikustera eta dantza eskatzera. Gero, hurrengo erromerian ere topatzen ziren. Era batean edo bestean, esan genezake gaur egun sozialki diskotekek eta festek egiten dutena erromeriek egiten zutela garai haietan.

Zein da gaur egungo errealitatea dantza-plazei eta erromeriei dagokienez? Galdu egin da izaera hori?

Bai, erromeriena galdu egin da, nahiz eta azken urteotan dantza-plazak berreskuratzen hasi diren. Halere, hori beste gauza bat da, ez da erromeria, nahiz eta pentsa daitekeen gauza bera direla. Erromeriak jaietan izaten ziren, eta beste gauza bat da txitxarrilloa deitzen duguna, domeka arratsaldeetan plaza batzuetan egoten zirenak. 

Erromeriak galdu egin dira apurka-apurka, baina azkenengo urteetan dantza-plazak agertu izanagaz, nik uste dut, era batera edo bestera, berriro berreskuratuko dela galdu den hori; hau da: jende normala dantzan jartzea, ez bakarrik dantza-taldeetako dantzariak.

Zertaz berba egingo dute hizlariek biharko mahai-inguruan?

Eurakaz egon gara behin edo birritan elkarrizketan, eta grabazioak egin ditugu. Horietan, berbaldiak normaltasunez egindakoak dira, eta normaltasun osoz kontatzen dituzte euren bizipenak, baina ez bakarrik erromeriei edo jotei lotutakoak. Egiten dute berba euren egoeren inguruan, zelan bizi izan zuten garai hori, beldurrez, eta zelako gauzak egiten zituzten ezkutuan. Azken finean, euren bizitzaren parte izan da hori, eta normaltasun osoz egiten dute berba. Guztira, zortzi pertsonak parte hartuko dute mahai-inguruan, baina baliteke bederatzigarren bat batzea ere.

Hitzaldia eta gero asmorik duzue ildo horretan jarraitzeko?

Ikusiko dugu, baina hau ez da hemen amaituko. Ikusi dugu dela ildo bat oso zabala, eta aurrera jarraituko dugu. Azken finean, hasieran, asmoa zen gaur egungo gazteek ikus zezatela zer zegoen lehen. Gu, orain, bost dantza-talde gaude Itxartun, nagusi eta txikienak, eta saiatzen ari gara ertainen edo erdikoen taldeak bultzatzen. Hori dela eta, egitasmo hau eurei begirakoa da. Beraz, bai, hau seguruenik ez da hemen amaituko; gauza asko daude oraindik egiteke.

hiruka.eus
Asteartea, Abendua 27, 2022