ZORIONAK, GAZTEDI DANTZARI TALDEA!

Gaztedi Dantzari Taldeak 70 urte beteko ditu aurten. Izan ere, 1951. urtetik daramagu Santutxutik (Bilbo) euskal folklorea sustatzen eta beste auzo zein herrialde batzuetara euskal kultura zabaltzen.

 Urteurrena ospatzeko asmoz, hortaz, egitarau berezia prestatu dugu, folkloreari berari zein gure taldearen ibilbideari merezi duten omenaldia egiteko.
 
2020ko urtarrilean hasi ginen urteurrena prestatzen; ekintzaz jositako programazioa antolatu genuen ilusio handiz, betiere, egoeraren araberako aukerak planteatuz. Baina COVID-19ak eragin duen ezohiko egoera dela eta, ezin izango dugu geure buruan eraikitako programazioa aurrera eraman. Ez oraingoz, bederen.

Egoera zein den kontuan hartuta, eta azken momentura arte lanean eta alternatibak bilatzen aritu garen arren, ohartu gara aukerarik zuhur eta zentzudunena urteurreneko ospakizun-jarduerak atzeratzea izango dela. Hortaz, pena handiz, baina itxaropentsu, 2022an ospatuko dugu Gaztediren 70. urteurrena. Ez dugu baztertzen, alabaina, 2021ean gure egiazko urteurrenari keinua egitea eta, hartara, urte bukaerarako ekimen berezia antolatzeko asmoa dugu.

Kontziente gara egoeraren larritasunaz eta, horregatik, zain egongo gara harik eta egoerak urteurrenaz behar bezala gozatzeko aukera ematen digun arte. Helburu horrekin, hortaz, eta aldaketarik egon daitekeela jakitun, gogotsu jarraituko dugu 70.urteurrena prestatzen, 2022. urtean Gaztedik merezi duen ospakizunaz gozatu ahal izateko.

Besterik gabe, animo eta zaindu zeuen buruak.

GORA GAZTEDI !