BILBOKO AURRESKUA

Aurten ere Bilbo bere soka Dantza edo Aurresku (Bilbon dantza horri esaten zaion bezala) gabe geratuko da.

BILBOKO AURRESKUA

26 urte igaro dira Beti Jai Alai elkarteak aurreskua lehen aldiz antzeztu zuenetik. Aurreskua abuztuaren 15ean egiten du, alkateak soka ireki eta dantzatzeko baimena ematen dionean. Aspaldiko ideia zen hori, Jon Pertika eta Iñaki Irigoienena, aspaldidanik Bilbon dantzatu zen Soka Dantza berreskuratzeko ahaleginetan ari baitziren, denboraren joanean galdu egin zena, nahiz eta testigantza askok hitz egiten zuten hari buruz.

Berreskuratze-prozesua hasteko, Genaro Pérez de Villa Amil-en "Un aurresku en Begoña" (1842) koadroa hartu zen erakusgarri gisa. Bertan, XIX. mendearen erdialdean Begoñako elizatean dantza hori nola egiten zen irudikatzen da, eta garaiko janzkera xehetasun guztiekin ikus daiteke.

Proiektu honetan José Luis Egiluzek lagundu zuen, bera izan baitzen musika konposatu zuena, eta Mikel Lizarza eta Karmele Goñiren (Euskal Museoko zuzendaria) aholkularitzapean, Ana Santa Colomak lan bikaina egin zuen jantziak egiten.

1997. urtean, halaber, abuztuaren 15ean eta urriaren 11n basilikaren barruan urtero irudikatzen den Ezpata Dantza berreskuratu zen, eta, kasu honetan, etenik gabe egin da.

2020an, Aurreskua lehen aldiz aurkeztu zenetik 25 urte bete zirenean, COVID-19 pandemiak eragotzi egin zuen abuztuaren 15ean basilikaren atzealdean egitea; horregatik, eta hain data esanguratsua izanik, BETI JAI ALAIk ateak itxita egitea erabaki zuen Euskal Museoan, leku enblematikoa eta esanahi handikoa taldearentzat oro har, eta bereziki dantza honentzat, hor sortu baitzen, hein handi batean, dantza honetako jantziak. Emanaldi horretatik bideo bat sortu zen, pandemiaren eraginpean bizi garen urteen testigantza gisa – horren lekuko dira dantzariek dantzatzeko erabiltzen dituzten maskarak –, eta "BILBOKO AURRESKUA" nola dantzatzen den ezagutzeko dokumentu gisa, orain eta etorkizunean, balio duena.

2021ean ere ez da posible izango hilaren 15ean Begoñan aurreskua dantzatzea, egoerak zaila izaten jarraitzen du eta ez du jende multzo handirik onartzen. Espero dezagun hau azkena izatea, eta 2022an, normaltasunaren seinale, berriro elkartu eta aurreskuaz gozatu ahal izatea, horrelako ekitaldi batek eskatzen duen solemnitate guztiarekin. Bilbok eta bertako jendeak merezi dute!

BETI JAI ALAI DANTZARI TALDEA