Erraldoiak, oroibide

Cartel Gigantes

Barakaldoko erraldoi berriak protagonista, oroimena suspertzeko ekitaldi batean, Beurko-Bagatzan.

Hilaren 17an, igandea, Ibarra-kaldu elkarteak ikuskizun txiki bat emango du, “Erraldoiak oroibide” izenaren pean, Barakaldoko Beurko-Bagatzako Sta. Teresa plazan, 13:00etan, auzoan kalejira egin ondoren. Ekitaldiko protagonistak Barakaldoko Udalaren erraldoi berriak izango dira, Pauli eta Joxe, eta Areatzako bi erraldoi izango dituzte lagun.

Plazetara eta kaleetara itzultzea ospatuz, erraldoiak aitzakia izango dira ilobatxo baten galderek amamaren oroimena piztu dezaten. Amamak harekin partekatuko ditu oroitzapen batzuk eta, besteak beste, erraldoi berriek nor irudikatzen duten azalduko dio: Joxe, lantegi bateko behargina, eta Pauli, Bagatzako baserritarra, poz-pozik, ziur, bere auzora itzultzen baita.

Ekitaldiko errepertorioa barakaldarra izango da, gehien bat, eta San Antolinetako jota ezagunaz gain, Luis Torreren hainbat pieza emango dira bertan. Udal txistulari izan zena hil zenetik 50 urte bete berri direnez, bertoko txistulari askoren maisu hura ere oroitzeko bide izango da ekitaldia. Hori dela-eta, jendaurrean lehendabiziko aldiz emango dute Ibarra-kaldukoek berariaz prestatu duten habanera bat, Torreren zortziko bat oinarri.

Gidoia eta errepertorioa barakaldar testuingurura guztiz egokiturik, Ibarra-kaldu elkarteak “Erraldoien memoria” hartu du oinarri, Tuterako Laya kultur elkartearen izeneko ikuskizuna, Iñigo Castellano zuzendari eta Patxi Laborda gidoigile zituena.

Ibarra-Kaldu Elkartea

Igandea, Urria 17, 2021 - 13:00