Durangaldeko Ezpatadantzari Egunak eskualdeko 10 dantza talde batuko ditu

Abadiñon egingo da, larunbatean, irailak 23, arratsaldeko 17:30etatik aurrera

Durangaldeko Ezpatadantzari Egunaren aurkezpen ekitaldia.

ABADIÑO | Larunbat honetan, irailak 23, Abadiñoko Zelaieta auzoan Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatuko da. Bertan, sei herritako 10 dantza taldek eta txistulariek parte hartuko dute egitarauan. Helburua argia da: “Dantza talde ezberdinetako kideak elkartu ginen eta hausnartu genuen egoera ez zela onena. Urteetan konturatu gara dantzari-dantzak edo ezpatadantziek gure eskualdean itzelezko indarra eta presentzia izatetik pixkanaka galtzen joan dala; eta Ezpatadantzari Eguna eta ondare honi indarra emateko Gerediagara joan ginen egun hau ospatzen laguntzeko eta aurrerago ere beste ekitaldi batzutan laguntzeko”, adierazi du Unai Esturo Iurretako dantzariak taldeko kideak.

Durangaldeko dantza talde ezberdinetako ordezkariez aparte; Unai Esturo (Iurretako dantzariak), Itxaso Altuna (Kriskitin) eta Eneko Iturriaga (Abadiñoko Talde Batuak), Gerediaga Elkarteko eta Abadiñoko udaleko ordezkariek hartu dute parte gaurko aurkezpen ekitaldia. “Gerediagaren egiteko nagusienetako bat Durangaldeko ondarea babestea, ikertzea, zaintzea eta ezagutzera ematea da eta ondareak eskualdearen identitatea aldarrikatzeko balio du. Gerediaga Elkartea Durangaldean orainaz eta etorkizunaz gogoeta egiteaz ere arduratzen da eta Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna berreskuratzen laguntzeko eskariarekin gerturatu zirenean ez genuen birritan pentsatu”, nabarmendu du Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak.

2022an antolatu zen azkenengoz, Otxandion, Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna. Aurretik, 50 urtez, Gerediaga Elkarteak koordinatzen zuen ekitaldia dantzariek eurek antolatu zuten. 2018an, lehenengo Berrizen hasi ziren, gero, pandemia etorri zen, eta gainbeheran zegoen ospakizuna eten egin zen. 2022an Otxandion, Durangaldeko herri batzuetako dantza taldeak elkartu ziren berriro.

Ez da egon eta ez dago eskualdeko dantzariak elkarren berri izateko sarerik Durangaldean. Herri gehienetan, gainera, zailtasunak dituzte plazara aterako den talde bat eratzeko. Gainbeheran dago Dantzari-Dantza Durangaldean. Kontrastean, Dantzari-Dantza ondare inmaterial aberatsa da. Adituen ustez, lurralde zabalago baten egiten ziren dantzen ondorengoak dira, baina XIX. mendean Durangaldeko herri batzuetan baino ez ziren gorde. Gero, XX. mendeko loraldiari esker, berriro zabaldu ziren Bizkai guztira.

Zer nolako ondarea galtzen dabilen ohartuta, eskualdeko dantzari batzuk Gerediaga Elkartera laguntza eske jo dute aurten eta Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna berreskuratzeko saiakera egingo da. Horregaitik, eskualdeko dantza talde guztiei egin zaie parte hartzeko gonbitea eta hori errezteko, aurreko edizioetan jartzen ziren partehartze-irizpideak malgutu egin dira. Durangaldeko dantza taldeak elkar ezagutu eta saretzeko ahalegina izatea ere nahi dute antolatzaileek. Herriaren ondarea den heinean bere garrantzia nabarmen azaleratzea nahi da, eta eskualdeko herritarrek eta erakundeek merezi duen arreta eskaintzea. Aurtengo ekitaldia dei bat ere bada, gertu daukagun ondarea ezagutu, zaindu eta zabaltzeak duen garrantziaz konturatzeko.

6 herri, 10 dantza talde

Abadiñoko San Trokaz plazatik kalejirarekin hasiko dute arratsaldeko 17:30ean eguneko ospakizuna.

Probaleku aurreko parkinerako bidea egingo dute dantza taldeek Zelaieta zeharkatuz. Bertan, Dantzari-Dantzako 9 piezak dantzatuko dituzte: Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata joko txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Launangoa, Makil-dantza eta Txotxongiloa. Amaieran, soka-dantza edo erregelak egingo dira.

Egunari amaiera emateko, 20:30ean hasita, Oxabi taldearekin poteo musikatua egingo da tabernaz taberna.

Larunbateko erakustadian parte hartuko duten taldeak honek dira:

  • Abadiñoko Talde Batuak – Bi talde izango ditu. Abadiñoko Talde Batuak izango da Durangaldeko Ezpatadantzari Eguneko anfitrioia. 2020an 50 urte bete zituen taldeak, baina pandemiak bete-betean harrapatu zituen eta ezin izan zuten ospatu. Larunbatekoa izango da, beraz, taldearne ospakizunaren zati bat
  • Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo.
  • Durangoko Kriskitin, Tronperri eta Txoritxu Alai.
  • Iurretako dantzariak.
  • Mallabiko Gazte Alai.
  • Zornotzako Udabarri.

https://dotb.eus/durangaldeko-ezpatadantzari-egunak-eskualdeko-10-dantza...

dotb.eus
Astelehena, Iraila 18, 2023