Errebonbillo eguna
Domeka honetan izango da lau mende baino gehiago dituen ohitura errepikatzeko eguna. Ohiko egitarauaz gain, aurten, nobedade bezala, argazki erakusketa dago ikusgai Iturri Kultur Etxean.
Aurten urriko lehen egunean ospatuko da Errebonbillo Eguna, domeka tokatzen baita. Hala, berriro entzungo dira Errebonbilloetako alardearen doinuak kalean goizeko lehen ordutik, egitarau tradizional eta bereziari hasiera emanaz.
Izan ere, goizeko bostetan hasiko dira Errebonbilloak udaletxean jaurtigairik gabeko munizioak botatzen. Jarraian, kaleetan zehar ibiliko dira tiroka, eta, indarrak berreskuratzeko, alkateak gosarira gonbidatuko ditu ondoren.
Lau mende baino gehiago dituen ohitura hau kirol eta kultur ekintzekin borobilduko da, ohi bezala. Hala, 11:00etan, Nesken Gomazko Paleten Zirkuituko partidak jokatuko dituzte plazako frontoian, eta euria eginez gero, ekitaldia Hilario Azkarate kiroldegiko frontoira lekualdatuko da. 11:30ean, berriz, Basilikako Koruak girotutako meza ospatuko da. Ostean, 13:00etan, Durangaldeko Jaizale Txistulariek kontzertua emango dute herriko plazan, beste musikari batzuekin batera.
Arratsaldean, 17:00etan, Elorrioko Errebonbilloek Errosarioko Amabirjinari lagunduko diote prozesioan, eta herritarrekin batera soka-dantza dantzatuko dute plazan.