HERRIEN ARTEKO XXVI. FOLKLORE JAIALDIA 2023

Asteazkena, Abendua 6, 2023 - 19:00 to Igandea, Abendua 10, 2023 - 14:00

Herrien arteko XXVI. Folklore Jaialdia". Barakaldo

HEMEN DA BARAKALDOKO FOLKLORE JAIALDIAREN 2023ko EDIZIOA: HERRIEN ARTEKO XXVI. FOLKLORE JAIALDIA

Barakaldoko Herrien arteko Folklore Jaialdia 26. ediziora iritsiko da aurten, mende laurdenaren muga dagoeneko igarota. Beurko-Bagatzako Ibarra kaldu elkarteak antolatuta, azaroaren 25etik abenduaren 10era bitartean garatuko da jaialdia.

Ohi den bezala, babesle izango ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Barakaldoko Udala, Barakaldo Antzokia eta Kutxabank; laguntzaile, aldiz, Deia egunkaria, Radio7-Tele7, Metro Bilbao eta, oraingo honetan, Zallako Ibai Lorak dantza taldea eta Zalla Kultura.

Egitarauan atariko bost ekitaldi eskaintzen dira, jaialdia irekitzeko, azaroaren 25etik abenduaren 6ra arte. Ondoren, hiru ekitaldi nagusi egingo dira: bi, abenduaren 8an eta 9an, Barakaldo antzokian, eta azkena, abenduaren 10ean, Zallako Zine Antzokian, jaialdiko kanpo-egunean.

Duela 26 urte eman zitzaion hasiera jaialdi honi, eta parte hartzaile ugari pasa dira aurreko 25 edizioetan. Izan ere, Ibarra-kaldu talde antolatzailearekin batera, 46 dantza taldek hartu dute parte, Estatuko autonomia erkidego guztietakoak, baita beste estatu batzuetakoak ere, hala nola Andorra, Belgika, Frantzia, Italia eta Portugalgoak. Horietaz gain, 31 musika talde eta hainbat bertsolari aritu dira jaialdian. Gainera, Bizkaiko 17 talde anfitrioi gisa jardun dute kanpo-eguneko emanaldietan.

ATARIKO JARDUERAK

Zirku saioa

Iazko zirku saioak izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere sartu nahi izan dugu egitarauan zirkuaren mundua, hartara, azken urteetako ildoari jarraituz, indar handiagoa emateko txikienei zuzendutako ekitaldiei.

Azaroaren 25ean izango da, larunbatarekin, 19:00etan, non eta leku berezi batean, Zirkodomo deritzan karpan, Barakaldoko Arauti kalean. Plazak mugatuak dira eta aldez aurretik gonbidapenak jaso beharko dira Ibarra kalduko lokalean, astegunetan, 18:00-20:00 ordutegian.

Hitzaldi dantzatua

Aurtengo jaialdiko bigarren ekitaldia Barakaldo Antzokiarekin elkarlanean antolatu da: hitzaldi dantzatu bat.

Horretan, "Tra, Tra, Tra - Tradizioa, Transmisioa, Traizioa: begirada garaikidea tradizioari” izenburupean, Toni Jodar artista eta dantza maisuak paseotxo bat egingo du dantza garaikidearen historian eta bilakaeran barrena, arreta bereziki dantza tradizionalean jarriz, sustraietan eta sorkuntza berrian arakatuz.

Tradizio eta traizio hitzak jaso dira izenburuan. Elkarren aurkakoak direla eman arren, jatorri bera dute, “tradere” aditza: transmititu, entregatu, eman, harago joan... Ekitaldia begirada bat da, arian-arian elkarri transmitituta ere, azkenean elkar traizionatzen duten sustrai horietara.

Azaroaren 28an izango da, asteartearekin, 20:00etan, Barakaldo Antzokiko areto nagusian, eta sarrerak 12 eurokoak izango dira.

Kantu-afaria

Iazko beste berrikuntza bat, aurtengo egitarauan sartu dena, kantu-afaria, azken edizioan lagun kopuru ederra erakarri baitzuen eta ahoko gozoa utzi baitzigun. Egitarauan bultzatu nahi dira horrelako ekitaldiak, non ikusle edo entzule gisa datozenek aktiboki parte har dezaketen, ohiko rol pasibotik aldenduta, kasu honetan, kantu-afaria gidatzen dutenekin batera kantatuz. Horretaz gain, kantu zahar eta berrien letra eta doinuak zabaldu nahi dira, baita taldean kantatzeko ohitura suspertu ere.

Kantuetan gidari, "ERROTIK" bikote akustikoa izango dugu, Eider Zenarruzabeitiak eta David Nanclaresek osatuta.

Afaria abenduaren 1ean izango da, ostiralarekin, Ibarra-kaldu elkartearen lokalean izango da eta 21:30ean hasiko da.

Afariko menua 18 eurokoa izango da eta bi modutara ordaindu ahal izango da: batetik, aurrez aurre elkartearen bulegoan sarrera bertan hartuz, lanegunetan, 18:00etatik 20:00etara; bestetik, BIZUM erabiliz, 620 343 484 telefonoan, NAN zenbakia zehaztuz eta "AFARI" kontzeptua adieraziz. Hala ere, Bizum bidez ordainduz gero, sarrerak afarira sartu aurretik jaso beharko dira, sartzeko unea ez oztopatzeko.

Dantza-solasaldia erraldoiekin

Ezagutza jorratzeko ekitaldietan ere sustatu nahi dugu ikusle-entzuleek aktiboki parte hartzea, eginez hobeto ikasten delakoan. Hori dela eta, aurtengo hitzaldia dantzako lantegi eta solasaldi izango da aldi berean, “Erraldoiekin jolas eta solas” izenburupean.

Barakaldoko lau udal erraldoiak baliatuz, erraldoien tradizioa eta dantza egiteko modua ezagutaraziko digu Patxi Labordak “Birakari” konpartsako beste kideen laguntzarekin. Hala jakingo dugu nola egiten diren, zerk osatzen dituen, nola dantzatzen diren... Horretarako, koreografia erraz bat prestatu da, bertaratzen direnek praktikan jar dezaten.

Ekitaldia Zirkodomon izango da abenduaren 2an, larunbata, 19:00etan.

Erromeria

Jaialdia norbera dantzatzeko plaza ere bihurtu nahi dugunez, atariko azken ekitaldiak ere aukera ematen die ikusleei aktiboki parte har dezaten. Horregatik, erromeria ireki bat antolatu dugu, nahi duen ororentzat irekia, Ibarra-kalduko musikariek eta dantza-maisuek gidatuta.

Abenduaren 6an izango da, asteartearekin, 19:00etan, Barakaldoko Pilotalekuan, sarrera doan.

EKITALDI NAGUSIAK

Hiru dira, eta doakoak: Musika Eguna, Dantza Eguna eta Kanpo Eguna.

Musika Eguna

Abenduaren 8an izango da, ostiralarekin, Barakaldo Antzokian, 19:30ean, sarrera doan.

Saioak etxeko ukitua izango du, oso, talde guztiak barakaldarrak baitira; hala ere, euren musika askotarikoa da. Batetik, TaNborin taldea, euskal  herritarrek garaiz garai lagun izan dituzten doinuak eskaintzen. Bestetik,  RULA taldearen folk euskal irlandarra, Ruaille-Buaille taldearen bertsio  txikiagoa eta berritua. Azkenik, IBARRA-KALDU musika taldea, saiorako  berariaz prestatutako zerbait ematen.

∙ Dantza Eguna
Abenduaren 9an
izango da, larunbatarekin, Barakaldo Antzokian,  19:30ean, sarrera doan.
Edizio honetan, Gaztela-Mantxa eta Valentziako Erkidegoa dira bisitatzen  gaituzten taldeen jatorria. Batetik, "SEÑORA DE LA SIERRA" folklore  elkartea dator, Ciudad Realeko Villarrubia de los Ojos herritik; bestetik,  "Grup de danses y rondalla REPICÓ", Valentziako Manises herritik.  Horiekin batera, jakina, Ibarra-kaldu taldea arituko da, ohi den bezala, ekitaldirako berariaz prestatutako dantza ikuskizun berezia ematen.

∙ Kanpo Eguna
Abenduaren 10ean
izango da, igandearekin, Zallako Zine Antzokian,  12:00ean, sarrera doan.
Enkarterrira doa aurten ere jaialdia, Bizkaiko beste udalerri bat  bisitatzeko egun honetan, Zallara, hain zuzen ere. Han, Gaztela-Matxatik  eta Valentziatik bisitari datozkigun taldeekin batera, bertako Ibai Lorak dantza-taldeak hartuko du parte, anfitrioiarena ere eginez.

ERANSKINA: Herrien arteko XXVI. Folklore Jaialdiaren egutegia

ATARIKO EKITALDIAK

azaroak 25, igandea
19:00 - Zirkodomo  
UMEENTZAKO ZIRKO SAIOA
ZIRKODOMOA elkartearen eskutik

azaroak 28, asteartea
20:00 –Barakaldo antzokia
HITZALDI DANTZATUA
Tra, Tra, Tra - Tradición, Transmisión, Traición: Una mirada contemporánea a la  tradición
TONI JODAR

abenduak 1, ostirala
21:30 - Ibarra-kaldu elkartearen egoitza
KANTU-AFARIA
ERROTIK bikote akustikoa

abenduak 2, larunbata
19:00 - Zirkodomo
DANTZAKO LANTEGI-SOLASALDIA
Erraldoiekin jolas eta solas
PATXI LABORDA eta BIRAKARI konpartsa
Barakaldoko udal erraldoiak

abenduak 6, asteazkena
19:00 –Barakaldoko Pilotalekua
ERROMERIA
IBARRA-KALDU musika taldea

EKITALDI NAGUSIAK

abenduak 8, ostirala
19:30 – Barakaldo antzokia
MUSIKA EGUNA
∙ RULA (Folk euskal irlandarra)
∙ TaNborin (Euskal Herria)
∙ IBARRA-KALDU (Euskal Herria)

abenduak 9, larunbata
19:30 – Barakaldo antzokia
DANTZA EGUNA
∙ SEÑORA DE LA SIERRA folklore elkartea (Villarrubia de los Ojos, Ciudad Real) ∙ Grup de danses i rondalla REPICÓ (Manises, Valentzia)
∙ IBARRA-KALDU (Barakaldo, Euskal Herria)

abenduak 10, igandea
12:00 - Zallako zine-antzokia
KANPO EGUNEKO DANTZA EMANALDIA
∙ SEÑORA DE LA SIERRA folklore elkartea (Villarrubia de los Ojos, Ciudad Real) ∙ Grup de danses i rondalla REPICÓ (Manises, Valentzia)
∙ IBAI LORAK dantza taldea (Zalla, Euskal Herria)