74 taldek parte hartuko dute aurten. Domekan [maiatzak 18] 10:30ean hasiko da jaia, eta ez du etenik izango arratsaldera arte. Eskualdetik, Lekeitioko Etorkizuna Dantza Taldeaz gain, Markina-Xemeingo Zerutxu eta Amorotoko Arta Nagusi taldeek parte hartuko dute.
Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea Bizkaiko Dantzari Egunaren aurkezpenean egon da.Txebi Arriaga
Garaia Pagola Urriza | Lekeitio 2025/05/15
Bizkaiko dantzarien jai nagusia hartuko du domekan [maiatzak 18] Lekeitiok. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatuta eta Lekeitioko Etorkizuna Dantza Taldearen laguntzagaz, Bizkaiko 74 dantza talde eta 3.500 dantza inguru elkartuko ditu egunak herrian. Etxeko taldeaz gain, bertan egongo dira Markina-Xemeingo Zerutxu eta Amorotoko Arta Nagusi dantza taldeak ere.
Lekeitioren 700. urteurrena aitzakiatzat hartuta, duela bederatzi urteko “egun ederra” errepikatu nahi dute Etorkizunakoek: “Duela bederatzi urte egin genuen lehenengoz Lekeition, 2016an, eta bageneukan gogoa berriro egiteko. Oso ondo irten zen duela bederatzi urte. Aurten, udalak herriko kultur eta kirol taldeei zerbait antolatzeko proposamena egin zigutenean, berriro ere Dantzari Eguna hemen ospatzeko aitzaia ona zela pentsatu genuen”.

2016ko Bizkaiko Dantzarien Eguna Lekeition.Txebi Arriaga
Hala, 10:30ean emango diete hasiera egunari, kalejiragaz, eta 11:30ean dantza taldeen ekitaldia egingo dute. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak erabakita, hainbat dantza eskainiko dituzte talde denek aldi berean. Besteak beste, dantzari dantza, Gipuzkoako dantzak, arku dantza, Eltziegoko dantzak, gorulariak, jauziak eta Kaixarranka izango dira dantzatuko dituztenak. Goizko jardunaren ostean bazkaritarako elkartuko dira, eta 16:30ean Luhartz Taldeak erromeria eskainiko du.
Herritarren erantzuna. Egitarauaren antolaketa biltzarraren esku egon bada ere, herriko antolaketa Etorkizuna Dantza Taldekoen eta Lekeitioko Udalaren esku egon da. Hala, hamaika izan dira eguna aurrera ateratzeko lortu dituzte boluntarioak: “Etortzen diren taldeei laguntzeko hainbat boluntario egongo dira. Biltzarrak gutxienez 100 boluntario eskatu zizkigun, eta lortu ditugu. Lehenengo taldeko kideen gurasoei eskatu genien laguntza, eta oso ondo erantzun zuten. Gero, jende gehiago behar genuenez, sare sozialetan zabaldu genuen deialdia, eta hor ere oso ondo erantzun dute herritarrek”.
Halaber, 3.500 dantzari, 74 dantza talde, 100 boluntario eta hamaika ikusle batuko ditu aurtengo Bizkaiko Dantzari Egunak. Etorkizunako kideak gogoz daude eguna heltzeko: “Gogo handia daukagu. Eguraldiaren ikara daukagu, ze, eguraldi txarrarekin gaitza izango litzateke eguna aurrera eroatea. Oraingoz, eguraldi ona dago emanda, eta espero dugu hala izatea. Gogotsu eta ilusionatuta gaude eguna heltzeko”. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkiete parte hartuko duten denei, izan dantzari, boluntario nahiz ikusle, eta baita udalari ere, eguna aurrera ateratzeko egindako esfortzuarengatik.
https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/2025/05/15/bizkaiko-dantzari-egu...