Dantzari txikien jaia izango dute aurten Foruko San Martin jaiek

Larunbatean igel eta tute txapelketekin jaiei hasiera emango badiete ere, igandean pilatuko dira ekimen gehienak Foruko San Martinetan. Berritasun nagusia Urdaibai Dantza Taldeak, Foruko Udalak eta Gernika-Lumoko Ibilaldiak antolatutako Dantzari Txikien Jaia izango da, herriko eta Basurtu, Ordizia, Galdakao, Basauri eta Busturiko dantzari gazteekin. 11:00etan batu ostean, zelaiko karpan egingo dute emanaldia 12:45ean. Bitartean, karakol gisatuen txapelketa ere izango da. 11:00etan eman beharko da izena, kazuelak 14:00etarako aurkezteko.

Arratsaldean ekimenak hiru gunetan sakabanatuko dira: alde batetik, txikienek erromeria eta ipuin kontalariarekin gozatu ahal izango dute karpan; mus txapelketa izango da Urdaibai tabernan; eta plazan, idi probak jokatuko dira.

Azkenik, San Martin egunean, astelehenean, meza ez ezik, salda eta odolosteak banatuko zaizkie elizpera hurreratzen direnei, eta arratsaldeko 17:30etik aurrera briska txapelketa jokatuko da.

http://www.deia.com/2013/11/08/bizkaia/costa/dantzari-txikien-jaia-izang...

Deia
Ostirala, Azaroa 8, 2013