Bizkaiko emakume dantzarien I. topaketa egingo dute Durangon

Durangoko Tronperri eta Txoritxu Alai taldeek antolatu dute Ezkurdi plazako biharko hitzordua.

Gaur, 18:00etan, Durangoko Ezkurdi plazan egingo dute Bizkaiko emakume dantzarien ekitaldia, lehenengoz. Durangaldeko sei dantza talde ariko dira emanaldi horretan: Zornotzako Udabarri, Abadiñoko Iluntze, Atxondoko Andasto, Elorrioko Betsaide, eta Durangoko Tronperri eta Txoritxu Alai dantza taldeak ariko dira Ezkurdiko emanaldian. Sestaoko Salleko taldea ere gonbidatu dute emanaldira. Durangoko dantza taldeak dira ekimenaren antolatzaileak, eta eskualdeko emakume dantzariek “eurei eskainitako eguna dantzan” goza dezaten da helburua.

Emakumeak izango dira ospakizunaren protagonistak, eta ehun dantzari baino gehiago batuko dira. Emakume dantzariei taldeetan egiten duten lanagatik esker ona agertuko diete. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak “nahikoa puruak” ez direlako aintzat hartzen ez dituen nesken Bizkaiko dantzak aldarrikatu gura dituzte, eta horiexek eskainiko dituzte gaurko ekitaldian. Emanaldiaren lehenengo partean, sokadantza, agintariena, gorulari, arku dantza, sagar dantza, kontrapas, ibarzabal, eusko dantza, eta zinta dantza eskainiko dituzte neskek. Neskak eta mutilak elkarrekin dantzatuko dira emanaldiaren lehenengo partearen amaieran: domingilo eta arku dantza eskainiko dituzte.

Emanaldiaren parte bien artean txalaparta emanaldi labur bat izango da entzungai, eta, ondoren, Bizkaiko kostaldeko dantzekin emango dute emanaldia amaitutzat: kaskarot, fandango eta arin-arinarekin. Ekimena “ez doala inoren aurka” azpimarratzea gura izan dute antolatzaileek: “Alderantziz, gure kulturaren altxorra direlako, zaindu eta mantendu egin behar dira gizonezkoen dantzak, eta gure betebeharra da hori ere”, diote.  Ekimenaren antolatzaileek azpimarratu dutenez, “mutil dantzarien babes osoa” daukate.

Durangoko hitzordua aldarrikapenerako zita izan dadin nahi dute Durangoko Tronperri eta Txoritxu Alai dantza taldeetako kideek: Bizkaian, nesken dantzak gutxiesteko joera historikoa izan dela uste dute, eta gaur dantza horiei behar duten aintzatespena emango diete. Bizkaiko Emakume Dantzarien egunak datozen urteetan beste herri batzuetan jarraipena izan dezan nahi dute antolatzaileek.

http://www.anboto.org/albistea/15664/bizkaiko-emakume-dantzarien-i-topak...

anboto.org
Larunbata, Azaroa 9, 2013