Mutil zein neska, dantzarik dantza

Iaz nabarniztarrek egin bezala, aurten busturiarrek hartu dituzte Busturialdeko eta Bakioko dantzariak euren herrian. Izan ere, dantzari nagusiek urteroko zita izan zuten  Altamirako tenis pistetan zapatuan. Hala, Busturiko Irrintzi Alai, Bakioko Itsas-Alde, Bermeoko Alkartasuna, Mundakako Gazte-Zar, Foruko Urdaibai, Gernika-Lumoko Elai-Alai eta Gautegiz Arteagako Artie dantza taldeak aritu ziren dantzarik dantza zapatuan; zazpi talde eta 160 bat dantzari.

pnga_erakutsi-1.plAltamirako elizatik tenis pistetara kalejiran joan ostean eman zioten hasiera dantzarien urteroko jaialdiari. Talde guztiak batuta, mutilen dantzak ireki zuen ekitaldia; hala, Agintariena, Launangoa, Makil dantza eta txotxongilo dantzak eginda, neskek hartu zuten lekukoa. Gipuzkoako dantzak egin zituzten horiek; hain zuzen, agurra eta uztai handi.

Horien guztien saioak bukatuta, dantza talde bakoitzak bere erakustaldia egin zuen,  5-10 bat minututan. Jaialdiari amaiera biribila emateko, berriz ere, zazpi taldeetako dantzari danak batu ziren, eta tenis pistetara bertaratutako herritarrekin batera, Larrain Dantza eginez agurtu zuen Busturialdeko Dantzari Nagusien Eguna datorren urtera arte.

Dantzak amaituta, baina, ez zen egun horretako ospakizuna bukatu; izan ere, bertatik segidan, afaltzeko bildu ziren 170 bat lagun, eta eguna 03:00ak ingurura arte luzatu zuten afal osteko erromerian.

Zapatuko egunagaz, beraz, talde bakoitzak urtean zehar egindako lana erakusteko eta gainontzeko dantzariekin elkarbanatzeko aukera izan zuen. Zapatuan bildutakoei eskerrak eman beharrean agertu da Busturiko Irrintzi Alai taldea, eta egun horren igaroaz “oso pozik” dela aitortu du. Hala, 1987. urtean Altamiran bertan jaiotako dantzarien egunak urteetan hala jarrai dezan gura du Irrintzi Alaik.

http://busturialdea.hitza.info/2013/11/18/mutil-zein-neska-dantzarik-dan...

Hitza.info
Astelehena, Azaroa 18, 2013